Xabier Izaga Irakaslea
Estatu aurreratua
Sistema politiko aurreratuenak omen dituzten estatuek nazioarteko itunetan sinatutako eskubideei muzin egiten diete, disimulatu gabe. Europak bere burua lapurreta eta sarraski erraldoiak egin dituen lurraldeetako miserableengandik «babesteko» onartu berri duen zuzentaraua hizpide, Zapatero presidenteak aurrerapausotzat jo zuen hura. Estatu aurreratu horiek, eta espainiarrak nabarmen, indarkeria erabili eta erabiltzen dute helburu ekonomiko eta politikoak lortzeko. Larderia, faltsukeria, azal gogorra.
Horren adibide argia Rodolfo Aresek eman zuen asteartean Gasteizko Legebiltzarrean. Esan zuenez, biktima batzuk errugabeak dira eta besteak, etakideak eta «haiek babesten edo justifikatzen dituztenak», beren jardun terroristaren ondorioz hilak dira. Batzuk bidegabeki hilak eta besteak «zerbait egin dutelako, eurek bilatu dutelako...» edo. Eman dezagun norbaitek aurkakoa esaten duela. Aresen esaldiak bezala balorazio etiko desberdinak eragingo lituzke, baina baita auzi judizial bat ere.
Badira desberdintasunak ETAren eta Estatu espainolaren jardun bortitzen artean, baita haien ondorioen artean ere. Bi aldeek eragin dituzte hildakoak eta zaurituak, baina ETAk ez du behin ere bortxaketarik edo torturarik egin. Bestalde, etakideak jazarri eta zigortu dituzte beren ekintzengatik, Estatuaren legediak onartutako moduan zein onartzen ez duen moduan, eta Estatuaren indarkeriaren erantzuleak zigorgabetasun osoa dute.
Herri honetako sufrimendua ez da ETArekin hasi. Efektuen gainean arreta osoa jarriz, eta eragin horien biktimen hautaketa zitala eginez, kausak ahantzarazi nahi dituzte. Antzinako pentsaera inperial berberarekin begiratzen diote herri honi, Inkisizioaren prozedura berberekin menperatzen. Estatua zuzenbidezkoa dela diote, Zuzenbidearen arabera gobernatua, alegia, horren kontra argudiorik ez badut ere, Zuzenbidea nola tesi bat hala haren kontrakoa frogatzeko balio diela ikusita.
Hemen bezala itsasoz bestalde ere erein duten bidegabekeria aitortu ez eta gainera bidegabekeria horren biktima nagusiek euren mendeko izatea onar dezaten nahi dute. Baina ez dute lortu 22 urterekin torturatu eta kartzelatu zuten mutil hark, egun 50 urte dituela, estatu aurreratu honetako kide izateagatik eskerrak ematerik. Horregatik, hain zuzen, eskatu zien Aresek Gatzaren senideei kartzelara bisitan doazenean gaizkilea dela esateko.