Marcos Nanclares Hermosa Anitzak-eko kidea
Euskal Curriculuma: kultur aniztasunaren trataera
Eskolak eraiki nahi dugun jendartearen isla izan behar du, eta alderantziz
Migrazioek, Euskal Herrian fenomeno zaharra izan arren, egun dauzkaten ezaugarri berriak, lehendik bazeuden aniztasun iturriei gehituta, gure eskoletan ere eragin nabarmena izaten ari dira. Fenomeno berri honek ekarritako aldaketei nola ekin, lehentasunezko erronka bihurtu da «mendebaldeko» herrialdeetako hezkuntza arduradunentzat.
Euskal Herriari dagokionez, Euskal Currikulumak, etorkizuneko herritarra, jendartea nolakoa izatea nahi dugun irudikatzen duen tresna eraginkorra izango bada, erronka honi egoki erantzuten jakin beharko du.
Eskolak eraiki nahi dugun jendartearen isla izan behar du, eta alderantziz. Esan beharrik ez dago eraiki nahi dugun jendarte horretako herritar orok beren eskubide guztiak, zibil, sozial, politiko zein kulturalak bermaturik izan beharko dituela, berdin bere jatorria zein den eta, jakina, bere identitate sentimenduari uko egiteko behartuta egon gabe. Hau horrela izateko bide bakarra dago, eta bide hori elkarren aitortzan eta errespetuan baino ezin da oinarritu. Euskal Herria nazio gisa, bere hizkuntza, bere nortasun eta bere kultura propioarekin onartua izan dadin exijitzea erabat zilegi da, baina exijentzia horrek Euskal Herritik kanpo gurera datozen pertsonek ere euren historia, nortasuna, hizkuntza eta kultura badauzkatela onartu eta errespetatzera eraman behar gaitu, zalantzarik gabe.
Elkarren aitortzearen filosofia bera gure hezkuntza sistemak islatu behar du. Hurrengo urteetarako erronka, besteak beste, Estatu frantsesak zein espainolak inposaturiko eskola eredu asimilazionista, uniformatzaile eta paternalista batetik, denon artean egindako eskola kulturanitz, plural eta inklusibo baterako bidea betetzea izango da.
Egia da, egun, bide hau jorratzeko errezeta magikorik edo berez didaktika kulturaniztzat har genezakeen eredu zehatzik ez dagoela esan daitekeela. Euskal Curriculuma, honetarako, badugu paregabeko tresna, ordea.
Batetik, curriculuma osatzeko «inoiz bukatu gabeko» prozesu horretan, helburu, eduki, metodologiak eta estrategiak definitzerakoan berrirakurketa kritikoak behin eta berriro egiten ahaleginduz, gure ikasleriaren jatorrizko kulturak eta hizkuntzak aintzat hartuz, baloratuz eta balioetsiz eta, aldi berean, topiko, estereotipo eta aurreiritziek sortutako jarrera diskriminatzaileak saihestuz.
Bestetik, eskola benetan plural, demokratiko eta parte-hartzailea gauzatzeko, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztiei eskola kudeaketa eta antolaketari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea bermatuz. Pertsona migratzaileei ere, gure jendarte eta gure hezkuntza sistemaren parte diren heinean, ijitoei edota beste gainerako giza taldekideei bezala.
Hau da, beraz, gure konpromisoa eta, seguru gaude, denon inplikazio eta lanarekin, arlo honi dagokionez ere, Euskal Curriculuma praktika aitzindari eta eredugarri bilakatzea lortuko dugula.