GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikurrinaren aldeko ekitaldia egingo da igandean Donostiako Alderdi Ederren

Azken hilabeteotan bandera espainola inposatu dute Euskal Herriko hainbat udalerritan. «Estatu espainolaren erasoak» behar bezalako erantzuna jaso dezan, ikurrinaren aldeko ekimenak eta ekitaldiak antolatu dituzte; lehenengoa Donostian izango da, igandean.

Gari MUJIKA |

«Estatu espainolaren erasoari erantzuna ematea ezinbestekoa da. Euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatzea besterik ez dugu nahi». Horrexegatik, euskal herritarrona den ikurrina defendatzeko ekitaldia antolatu du Bai Euskal Herriari herri ekimenak igandean, Donostiako Alderdi Ederren. Udan Euskal Herriko hainbat udalerritan egingo diren ikurrinaren aldeko ekimenetan lehendabizikoa izango da Gipuzkoako hiriburukoa.

Erruki Ezkerra Bai Euskal Herriari-ko eledunak prentsa agerraldian eman zuen igandean Donostian egingo den ospakizunaren berri; besteren artean, Iñaki Egaña historialaria, Gaztelumendi anaia bertsolariak, Onintza Odriozola dantzaria eta Itziar Ituño aktorea izan ziren agerraldi horretan. Goizeko 11.00etan informazio gunearen irekitzearekin batera emango diote hasiera ikurrinaren aldeko ospakizunari eta, gero, 12.30ean egingo da ekitaldi nagusia Alderdi Ederren. Batik bat azken hitzordu horretara bertaratzeko dei berezia egin zieten atzo euskal herritarrei eta, bereziki, donostiarrei.

Izan ere, azken hilabeteotan euskal udalerrietan inposatzen ari diren bandera espainola Donostiako udaletxeko mastan ere jarri baitzuten PSEk, EBk eta Aralarrek osatzen duten udal gobernua. Alderdi politiko horiei «zuzentasunez eta ausardiaz joka» dezaten eskatu zieten, ikurrinaren aldeko indarrak biltzeko eta euskal ikurrak bere lekua berreskura dezan.

Donostiakoa, gainera, Iruñeko sanferminetan eta gainerako euskal hiriburuetako festetan egingo diren ikurrina omentzeko ekitaldi andanaren abiapuntua izango dela aurreratu zuten.

Bestalde, www.geureaikurriña.org webgunean aurki daitekeen ikurrinaren aldeko manifestuari atxikimendua eman diotenak dagoeneko 1.400 direla nabarmendu zuten; guztiak bi asteren buruan lortu dituzte. Datozen asteotan, sinadura bilketa indartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo