GARA > Idatzia > Herri-kirolak

XIBA Herrien arteko euskal jokoen V. jaialdia

270 partaide lehiatuko dira Idauze-Mendiko finalean

Bertsolaritza izango da hogei talde, tartean Zuberoako bat, bilduko dituen aurtengo azken jaialdiko berrikuntza. EHZera gerturatutako musika zaleek ere izango dute kirol eta jokoetan aritzeko aukera.

p044_f01.jpg

GARA | DONIBANE LOHIZUNE

Ikastolen Elkarteak aisialdiari begira sustaturiko Xiba proiektua sendotzen ari da apurka; horren erakusle da larunbatean, EHZ festibalaren egitarau barruan, Idauze-Mendin jokatuko den Herrien arteko V. euskal joko jaialdiaren azken ekitaldian egongo den partaide kopuru handia. Orotara, hogei taldetan banatutako 270 lehiakide arituko dira, kontzertu eta kontzertu artean, euskal kirol eta jokoek iraun dezaten beste urrats bat ematen.

Herrialde bakoitzeko kanporaketak jokatu ostean, txapelketako 19 talderik onenak -Lapurditik Angelu, Urruña eta Biarritz; Bizkaitik Galdakao, Areatza eta Etxemaritxu; Gipuzkoako Asteasu, Zizurkil, Idiazabal eta Ibarra; Nafarroako Baigorri, Amikuze, Leitza, Irañeta eta Hiruherri; eta Arabatik Aiaratarrak, Eskua, Zizkiñolariak eta Tutxuri- eta Zuberoako ordezkaria arituko dira goizeko hamaiketan hasiko den finalean.

Aurtengo ekitaldian izandako frogetan aritzeaz gain -harri-altxatzea, ingudea, lasto-altxatzea, arto-biltzea, esneontzi, zaku-garraiatze, zakujauziak, xiba, toka, musa, dantza, sokatira, arpana eta egurpila- bertsotan ere aritu beharko dute partaideek, bertsolaritza baita antolatzaileek aurtengo ediziorako prestatu duten berrikuntza. Hori bai, ez dute bat-batean aritu behar izango eta bost minutu izango dituzte paperean euren alerik biribilenak josi ahal izateko.

Iazko ekitaldian izandako harrera onaren ostean, antolatzaileek Xibaren azken jardunaldi hau Euskal Herria Zuzenean festibalaren egitarau oparoaren barruan sartu nahi izan dute. Alde batetik, bi ekitaldien helburuak eta filosofiak bat egiten dutelako eta, bestetik, oso interesgarria iruditzen zaielako Zuberoan, hain txikia izanik, horrelako bi ekitaldi jendetsu antolatzea.

Musika jaialdira gerturatutakoei dagokienez, indarrik geratzen bazaie behintzat, antolatzaileek joko horietan nola moldatzen diren probatzeko aukera emango diete behin finala amaitutakoan.

Indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria egongo da Xibako partaide guztientzat eta jaialdi erraldoi hau egin ahal izateko lanean arituko diren 30 boluntarioentzat. Dena prest, beraz, festarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo