GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega Gipuzkoako Txapelketa

Ormaetxea jotzen dute finala irabazteko faborito

Azken saioa Larraitzen jokatzekoa zen, baina azkenean Zaldibian izango da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gipuzkoako segalarien finala jokatuko da etzi eguerdian, 12.00etan hasita Zaldibian, Ibarburu baserriko belardietan, herriko plazatik oso gertu. Hasiera batean neurketa hau Larraitzen jokatzekoa zen, baina hango belardiak beharrezkoak diren baldintzak ez dituela betetzen-eta, azkenean lekua aldatu behar izan dute.

Ormaetxea, Goikoetxea, Aranalde eta Arteaga izango dira nor baino nor txapelaren bila. Lana, berriz, ordubetekoa izango dute, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak jantziko du txapela.

Final honen aurretik hiru saio jokatu dira, eta bi, biak ere betiko eran jokatutakoak, Ormaetxeak irabazi ditu, bestea berriz, Goikoetxeak. Azken honek nazioarteko eran jokatutakoa bereganatu zuen. Hori kontuan hartuta, adituen ustez, Orendaingoa da txapela lortzeko faborito. Hala eta guztiz ere, finalak ez du aurrekoekin zerikusirik izango, ezta betiko eran jokatu diren bi probekin ere; izan ere, orain artekoan ordu erdia izan dute lanerako, eta orain ordubete izango dute, eta horrek gauzak asko aldatzen ditu denentzat.

Aurten garbi dagoen gauza bakarra txapela beste buru batek jantziko duela da. Azken bi urte hauetan Joxe Gabirondo izan da nagusi, baina Gaztelukoa aurten ez da arituko, eta horrek beste bati emango dio txapela. Adituek, Goikoetxea jotzen dute Ormaetxearen aurkari nagusi, baina beste biak ere kontuan hartu beharko dira. Aranaldek badaki zer den txapel hau janztea, eta gogotsu joango da. Arteaga da hiruretan berriena, baina Baliarraingoa ere ezustea emateko asmoz joango da Zaldibiara.

Nazioarteko era

Nazioarteko eran, Almitza elkarteak antolatzen duen euskal Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Bihar izango da Igorren, 17.30ean hasita. Bertan, orain arte lehian aritu diren gehienak izango dira, eta txapelaren lehian dabiltzanetatik, inork ez du hutsik egingo.

Emakumezkoetan, gauzak nahiko garbi daude, orain arteko biak Gabirondok irabazi baititu, eta ikusitakoaren arabera, Gaztelukoa besteen gainetik agertzen da.

Mutiletan, ordea, ikusmina askoz ere handiagoa da. Lehen jardunaldia Gabirondorentzat izan zen, baina bigarrena Lizasorentzat, eta lehia gogorra dago lehen postu horretarako. Joxe Gabirondok jarraitzen du lehen postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo