GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Bizkaiko Txapelketa

Lau bikote izango dira lehian Diman, herrialdeko txapelketa irabazteko asmoz

J.L. | DONOSTIA

Bizkaiko Binakako finala jokatuko da gaur ilunabarrean Diman, bertako plazan, 20.00etatik aurrera lau bikotek neurtuko dituzte indarrak herrialdeko txapela janzteko helburuarekin.

Txikon-Mendieta, Garita-Zelai, Aldape-Larrea eta Atutxa aita-semeak izango dira herrialdeko txapela lortzeko norgehiagoka horretan. Bikote bakoitzak, lau kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Egungo txapeldunak Atutxa aita-semeak dira, eta gaur gauekoa irabazteko ere beraiek dira faborito. Gaztea herrialdeko onena bihurtu da, eta aita alboan duela, beraiek mendean hartzea oso zaila izango da.

Nafarroakoa

Nafarroan, berriz, Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko da bihar Eulaten, 18.00etan hasita. Bertan, Belarra, Erdozia, Amillano, Juan Telletxea, Etxeberria, Olano, Pikabea, Ariztegi, Xabier Mindegia, Mandazen, Jon Telletxea, Kañamares eta Erasun izango dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko ditu. Aurreneko bosten artean geratzen diren aizkolariek lortuko dute final handia jokatzeko txartela.

Bestetik, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga abiatuko da gaur. Lehenengoa, Hernanin jokatuko da, Ezkiaga pasealekuan, 12.00etatik aurrera. Larretxea, Olasagasti eta López izango dira gaur arituko direnak. Bigarren saioa, berriz, etzi jokatuko da Araban, Ondategin, 12.00etan hasita. Nazabal, López eta Olasagasti arituko dira nor baino nor bigarren ekinaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo