GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joseba Iturria Kazetaria

Mikel Arrastia maitea, ez zaitugu inoiz ahaztuko

Hil baino bi aste lehenago komentatzen zenuen zeinen zaila izan behar zuen galdeketa batetik ezer ez esan gabe ateratzea. «Tortura y Democracia» liburua ari zinen irakurtzen. Torturaren biktima izan zinen.

Gaur bete dira 20 urte Oreretako zure etxetik guardia zibilengandik ihesi atera eta «Gora Euskadi askatuta!» oihukatuz zure burua hirugarren pisu batetik bota zenuenetik. Beraiek ez zuten ulertu zuk hartutako azkeneko erabakia ez zeneukalako «marroi» handirik. ETAko zuzendaritzari bidali nahi zenion gutuna beren eskuetara iritsi zen, gero komunikabideek argitaratu zuten, eta han argi eta garbi uzten zenuen armarik ez zeneukala ez eta inori min egiteko asmorik ere. Zure burua beste ekintza batzuetarako eskaintzen zenuen beste inoren bizitza arriskuan jarri gabe.

Zu ezagutzeko aukera eta zortea izan genuenok ez dugu onartu zure azkeneko erabakia, baina ulertu bai. Torturatzaileengandik ihes egin baino bi aste lehenago Oiartzundik Lesakara egindako mendi ibilaldian komentatu zenidan zeinen zaila izan behar zuen galdeketa batetik ezer ez esan gabe ateratzea. Nik orduan ez nekien zertaz ari zinen. Gau hartan bai, ordea. Zure gau-mahaian utzi zenuen, baita guardia zibilek ere, irakurtzen ari zinen azken liburua: «Tortura y Democracia»; 1987an Eva Forestek argitaratu zuen, Espainiako ustezko demokrazia sortu zutenetik ordura arte torturak salatu zituztenen kontakizunekin. Beraz, torturaren biktima izan zinen.

Eta ez ausardia edo adorerik ez zeneukalako. Horregatik izango balitz, nahiko zenuen ETAn sartzeko eskaintzari ezetza ematea edota isilpean eta zigorrik gabe geratu zen zure komandoko kidearen izena ematea torturatua ez izateko. Agian izen gehiago zuretzat gorde nahi zenituen... Ez zenien ezer esan nahi eta liburu horretan irakurritako basakeriak gainditzerik ba al zegoen aztertu zenuen. Eta zure erabakiaren arabera, isiltasuna ziurtatzeko bide bakarra ikusi zenuen, zure bizitza eskainiz lagun baten askatasunaren truke.

Oker jokatu zenuen. Nik ez nuke nigatik tratu hori onartuko eta ziur nago libre gelditu zen pertsona horrek berdin pentsatuko zuela. Baina, horrelakoa zinen eta horregatik 28 urterekin alde egin zenuen, pertsona arrunt batek nahi duen guztia eta merezi zenuena lortu ondoren. Lan on bat, erositako eta ordaindutako etxebizitza zure gustora jarrita eta maite zenuen pertsonarekin ezkondu berria. Baina, besteengatik eta zure herriaren alde beti dena emateko prest zinen eta zure bizitza barne.

Horregatik abiatu zinen inork eskatu gabe uholdeek kaltetu zuten jendeari laguntzeko. Horregatik euskara eta euskal kulturaren aldeko ekintzetan parte hartzen zenuen. Eta horregatik argi eta garbi zeneukan Euskal Herriko etorkizuna gaur egongo umeen esku zegoela, eta zure denbora eta indarra haurrei natura eta beren herria ezagutarazteari eta maitatzen erakusteari eskaintzen zenion, bai eta denon artean adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzera. Horrela antolatzen zenituen udako kanpamenduak, mendiko irteerak eta abar. Zure eskuetatik pasa ginen haurrek horretaz hitz egin dezakegu, bai eta politikaz ez zenuela inoiz gurekin hitz egiten ere. Zure ideiak zuretzat gordetzen zenituen. Zure bihotz onaren sentimenduak agerian geratzen ziren ordea. Horrela erakutsi zenigun natura zaintzen, euskara maitatzen, euskal kultura babesten, besteei laguntzen eta inguruan ikusten genuen errealitatearen aurrean konpromisoak hartzen.

Horregatik idatz diezazuket gutun hau euskaraz, arlo horretan ere nire maisu bakarra izan zarelako; ia hogei urte daramatzat zure egunkarian idazten eta bere hutsunea betetzeko euskal gizarteak sortu zuen GARAn. Nire lana da zuri egin diezazukedan eguneroko omenaldia, zuri esker egiten baitut, beti bezala laguntzarik eskatu gabe Oarso Bidasoako norbaiti nire izena aipatu zeniolako.

Izaera paregabe horrek bide bat hartzera eraman zintuen, eta horregatik ez zaude gure artean, bai ordea gure gogoan. Gizarte honetan zuk bezala zerbaiten alde bizitza eman dutenak estimatuak zarete eta ez zaituztegu ahaztuko. Horregatik zure oroitzapenak gure artean darrai. Badirudi hogei egun besterik ez direla igaro agur esan gabe alde egin zenuenetik, baina hogei urte bete dira jadanik.

Eta gauza asko aldatu dira eta, zoritxarrez, ez onerako. Zure garaiko Herri Batasuna ilegalizatu dute. Bai eta ezker abertzaleak haren ondoren sortu dituen alderdi guztiak ere. Gizarte honen zati handi bati ukatu egiten diote bozkatzeko eskubidea. Irakurri zenuen «Egin» itxi zutela, bai eta «Egunkaria» ere. Eta gaur egun ETAko partaideak nortzuk diren ez dute erabakitzen haren partaideek edo haren zuzendaritzak. Espainiako auzitegiek sartzen dituzte erakunde horretan nahi dituztenak. Beharbada zuri dena zor dizun koinatu honen sentimenduak azaltzea ere legez kanpokoa izan liteke, nahiz eta nik pentsatu borroka armatua ez dela Euskal Herriarentzat demokrazia eta askatasuna lortzeko bidea, euskaldun guztien elkarlana baizik. Eta hori guztia lortzeko ezker abertzalearen batasuna eta indarra ezinbestekoa da, beste alderdiengandik gauza gehiegirik espero gabe.

Bai Mikel, horrela gaude, zu bizirik zinen garaian baino demokrazia eskasagoa dugu egun. Baina, hala ere, itxaropentsu gaude gizarte honi bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea dagokiolako, eta hemendik hogei urtera zure azkeneko garrasia errealitate bihurtzea espero dugu: Gora Euskadi askatuta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo