San Ferminetako Txapelketa
Olaizola I.ak mendekua hartu du lau t'erdikoan
Buruz burukoan izandako porrotaren ordainetan goizuetarrak 22-20 irabazi zion Bengoetxea VI.ari
Ander GARTZIA | SONDIKA
Asier Olaizolak buruz buruzkoan Bengoetxea VI.aren aurka izandako porrotaren ostean mendekua hartu zuen atzo Lau t'erdiko San Fermin Torneoan 22-20 irabazi eta gero. Orain dela hilabete pasatxo jokatu zen partida hartan goizuetarrari final handirako txartelak ihes egin zion (12-22), baina atzokoan, aurreko koadroetan, bestelakoa izan zen kontua; askok partida amaitutzat ematen zutenean Olaizola I.ak buelta eman zion markagailuari eta final-erdietarako sailkapena lortu zuen.
Izan ere, partida osoan Bengoetxea VI.ak agindu zuen markagailuan eta lau tantotako aldea izatera iritsi zen (20-16) partidaren hondarrean. Egungo buruz buruzko txapelduna izan zen hasiera-hasieratik tantoak bukatzen asmatu zuena eta sakeaz baliatuta min handia egin zion Olaizola I.ari. Goizuetarrak, ordea, gutxika-gutxika neurria hartu zion lau koadro eta erdiko tarteari, eta partidaren erritmoa handituz joan zen. Azkenerako, meritu handiko tantoak ikusi zituzten pilotazaleek. Guztira, bi paretaz jotako lau kintze lortu zituen Olaizola I.ak eta dejadaz egindako beste lau.
Olaizolatarren finalerdia
Asier Olaizolak ez zuen txapelketa bide onetik hasi -aurreneko kanporaketan 22-20 galdu zuen Julen Retegiren aurka-, baina atzo ederki aprobetxatu zuen eratsundarraren lesioak emandako bigarren aukera eta final-erdietan izango da. Gauzak horrela, finalaren atarian Olaizolatarren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango da datorren larunbatean Etxebarrin. Irabazleak Aspeko adarreko beste finalistaren aurka neurtuko ditu indarrak; Barriola edo Irujo. San ferminetako lau t'erdiko finala, berriz, uztailaren 7an izango da, ohi bezala, Labrit pilotalekuan.