GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zeru izartsua arbela eta ikasleak irakasle bilakatzen dituen ekimena

Bergara eta Azpeitia arteko ibilbidea jakintza iturri izango da datorren ostegunetik aurrera, hori baita IAren Eskola Ibiltariaren abiapuntu eta helmuga. Euskal Herrian jazotako negoziazio prozesuak izango dira ikasgai nagusi baina AHT-az edo hezkuntzaz mintzatzeko edota Loiolako basilika ezagutzeko beta izango dute, jolas eta parranda artean ere.

Oihana LLORENTE

Nora joan, hura ikasi. Horixe da Eskola Ibiltariaren funts eta gakoa. Ikasturte osoan ikasgelako lau pareten artean gatibu egon ondoren, kateak apurtu eta errealitatea haztatuz, usainduz edota sentituz ikasiko dute hainbat ikaslek datorren ostegunetik aurrera. Eskola Ibiltariaren bederatzigarren edizioa abituako du Ikasle Abertzaleak mugimenduak ostegunean, eta aurtengoan, Bergara eta Azpeitia arteko ibilbidea aukeratu du ikasgai.

Ikasleek udan duten borrokarako bitartekoa dela azaldu du Gorka Zozaia eledunak. Aitzitik, borrokarako esparru baino, ikasteko aukeraz beteriko ekimena ere bada eskola ibiltaria, klase «magistralak» besterik ematen ez dakiten irakasle erdoilduen bekaizkeriarako.

Baloreak nota bat baino gehiago, eta zuzeneko ezagutza, ikasturteko txango bakarra baino gehiago dela frogatzen dela sustengatu du Zozaiak. Irakasle orojakilearen figura ere kolokan jarri eta pertsona guztiengandik ikasi, eta elkar irakatsi, daitekeela ere argi ikusten omen da bertan.

Zozaiak gogoan ditu beste edizioak ere. 2000. urtean abiatu zen Eskola Ibiltaria eta ordutik, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan barrena aritu da: Baztango lurretan, Bizkaiako kostaldean, Urbasako mendizerran, Aizkorri eta Anbotoren magalean, Orreaga eta Donibane Garazi artean, Enkarterrietan... Eta leku horietako protagonistekin egon da berbetan euren errealitate geologiko, biologiko edota soziala ezagutzeko, finean herritarren kezka eta nahiak igartzeko.

«Eskolak eskaini ez dizkigun aukerak eman dizkigu eskola ibiltariak». Horrela deritzo Zozaiak eta makina bat adibide mahaigaineratu ditu. Urte hauetan, lur azpiko altxor geologikoa den Pozalaguako koban; gure historian zeresan izugarria duen Amaiurko monolitoan; Peio Zabalarekin batera, Arantzazuko Santutegian edota Zumaiako labarretan egon da eskola ibiltaria.

Makina bat leku interesgarrietan egoteaz gainera, espirientzi aberasgarriak bizi izan dituzte edizio hauetako partehartzaileak. Udako gau izartsuak arbela gisa erabilita izar kostelazioak izan dituzte ikasgai; ikasle hirikumeenak ere gaztagintza eta txakolina bertatik bertara nola egiten den ere ikasi dute, baita behiak jetzitzeko aukera izan ere.

Kanposantuak diruditen ikasgela isilak alboratu eta ikasleen hitza eta euren kritikotasuna suspertzea bilatzen da eskola ibiltarian, gai anitzen inguruko eztabaidak eta mahainguruako antolatuz. Zozaiak gogoan du hika-mikak sortzen dituen Mutrikuko kanpo portuaren inguruko herri eskola; bertan aldeko zein kontrako iritzia zuten herritarrak hitza hartzera gomitatu zituzten, ikasleak norbere jarrera eraikitzeko argudioak eskura jarriz.

Euskaran eta partehartzean oinarritutako ekimen gisa jaio zen eskola ibiltaria eta berezko ezaugarriak mantendu dituen arren, urteen poderioz egokituz joan da. Zozaiak azaldu gisara, azken bi urteetan hiru eguneei logika bat ematen ahalgindu dira eta horretarako unitate didaktikoak sortu dituzte. Lehen egunean, ikasiko denaren laburpentxoak biltzen dituen liburuxka banatzen da, erabilgarria izan daitekeen materialarekin batera eta egunero, afalostean, egunean zehar egindakoa baloratzen duen asanblada egiten dute. Edukiak barneratuz eta erabilitako metodologia aztertuz, honela etorkizunean akatsetatik ikasi ahal izateko.

Hala eta guztiz ere, dena ez da ikastea eta jai giro eta jolasei tarte zabala eskaintzen zaie eskola ibiltarian. Altxorraren bila bezalako oroitzapeneko jolasak gaurkotasuna hartzen dute ikasleen algaren artean eta hiru egunak ondo bukatzeko herri afari eta kontzertuak antolatu ohi dituzte.

Euskal eskola nazionalean biziz

Kexu eta kexu igaro dute ikasturtea ikasleak, ikasleen eskubide zapalketaren aurrean antolatu eta mobilizatu da IA urte osoan zehar makina bat alditan. Orain ostera, hiru egunez bada ere, ikasle mugimenduaren aldarrikapenak errealitate bilaka daitezkeela frogatu nahi du, bere proiektu politikoa den Euskal Eskola Nazionala praktikan jarriz. Ikasle eskubideak errespetatzen dituen eskola dela deritzo Zozaiak eta, eskola eredu hori irudikatzeaz gainera, hiru egunez bada ere «bizi egin nahi dutela» gehitu du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo