GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

V. HERRIEN ARTEKO TOPAKETAK

Areatzak aurrea hartu zien gipuzkoarrei Idauze-Mendiko azken jaialdi beroan

A. A. | DONOSTIA

Amaitu da gipuzkoarren nagusitasuna Xibak antolatzen dituen Euskal Herriko herrien arteko topaketetan. Azken jaialdia aurreko larunbatean ospatu zuten Idauze-Mendin Euskal Herria Zuzenean jaialdiarekin bat eginez eta garaipena Areatzak eskuratu zuen. Aurreko lau urteetan gipuzkoarrek lehen postua lortu ondoren, bizkaitarrek hartu diete aurrea aurtengoan.

Eguraldiak bikain lagunduta, goizeko hamaikak pasata ekin zioten taldeek lanari. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako hogei bat taldek ohiko euskal kirol eta jokoetan hartu zuten parte. Finaleko berrikuntza nagusia bertsolaritza izan zen eta, Ellande Alfaro Xibakideak aipatu digunez, ikuskizuna ederra izan zen.

«Hitz bat jarri genuen gaitzat, neurri eta doinu librean. Zenbaitek bertso serio eta ederrak bota zituzten, baina besteren batzuek pastoral modura edota jota modura bota zuten bertsoa. Bat-batekotasunaz gozatzeko aukera ona izan zen», deskribatu du Alfarok, dantzako atalean parte-hartzaileek erakutsitako trebetasuna ere nabarmenduz.

Areatzako taldearen atzetik, bigarren postua Ibarrarentzat izan zen, hirugarrena Asteasurentzat, laugarrena Zizurkilentzat eta bosgarrena Idiazabalentzat. Beraz, lehen postua lortu ez arren, Gipuzkoako herriak bikain moldatu ziren.

Azkenik, nahitaez aipatu behar aurten zendu den Mikel Garmendia idiazabaldarrari eginiko omenaldia, ohiko parte-hartzailea baitzen. Algecirasen preso daukaten Mikel Egibar ere gogoan izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo