GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Bigarrengoan ere Goiherrik eraman du txapela etxera

Berdeek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten 640 kiloko azkeneko ekinaldian

p045_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Goiherri A taldeak bereganatu du lur gaineko txapelketako bigarren txapela ere. 640 kiloko azkeneko jardunaldia jokatu zen Mutrikun, Mijoa auzoan, eta berdeek ez zuten hutsik egin.

Azkeneko jardunaldira alde nabarmenarekin heldu zen Goiherriko taldea, eta, beraz, txapela ia eskuekin ikutzen zutela heldu ziren amaierako ekinaldira. Irabazi gabe ere txapela jantzi zezaketen, baina Goiherriko mutilek ez zuten ezusterik nahi, eta azkeneko jardunaldian ere erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, eta txapela buruan zutela amaitu zuten.

Bigarren eta laugarren posturako iragartzen zen emozioa, eta horrelaxe izan zen. Bigarren posturako Gaztedi eta Mutriku zeuden. Azken horiek etxean aritu ziren, baina bizkaitarrek aurrea hartu zieten azkeneko jardunaldian, eta bigarren postu horren aukerarik gabe utzi zituzten.

Laugarren posturako lehia iragartzen zen Goiherri B eta Aresoren artean. Bietako inork ez zuen lan ona egin, nahiz eta nafarrak hobeto aritu ziren, eta beraientzat izan zen laugarren postu hori.

Azkeneko postua, hasi aurretik ere seguru samar zeukan Getxoko taldeak, baina bizkaitarrek denboraldiko lanik onena egin zuten, eta azkeneko postu hori uzteko modurik egin ez bazuten ere, puntu erdi batera geratu ziren beren aurrekoarengatik. Txapelketa amaitzeko geratzen diren bi ekinaldietan hobeto ibiltzeko asmoa agertu zuten amaieran.

Horrenbestez, 640 kiloko sailkapena, honela geratu zen: Goiherri A lehenengo, 18 punturekin; bigarren, Gaztedi, 14,5 punturekin; hirugarren Mutriku, 12,5 punturekin; laugarren, Areso, 7,5 punturekin, bosgarren Goiherri B, 5,5 punturekin, eta azkena, berriz, Getxo 5 punturekin. Orain arte, 680 eta 640 kiloko txapelketak jokatu dira, eta bi pisuetan Goiherrik erabateko nagusitasuna erakutsi du. Pisu handian, Gaztedik hasiera oso ona eman zion txapelketari, baina gero beherantz egin zuen, eta Goiherrik ez du barkatu. Lehiaketa amaitzeko 600eko eta 560ko txapelketak falta dira, eta bi pisu horietan garaile ateratzeko faborito garbia ere Goiherri izango da.

Bigarren postua

Bigarren posturako lehia handi samarra iragartzen zen Gaztediren eta Mutrikuren artean; azkenean, talde bizkaitarra izan zen nagusi borroka horretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo