GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

harri-zulatzea

Burdin Gazteak taldeak ezustea eman eta lehen garaipena erdietsi du


J.L. | DONOSTIA

Burdin Gazteak taldeak eman du jardunaldiko ezustea, Ortuellako taldeak bereganatu baitu Ligako jardunaldia. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, eta Jaizubiak jarraitzen du lehendabiziko postuan.

Ortuellako taldea emaitza onak eta kaskarrak tartekatzen ari da, eta oraingoan maila bikaina eman du, 17 zulo pasa eginda garaipena lortuz. Bigarren postuan, berriz, Jaizubia sailkatu zen 16 zulorekin. Atzetik beste faboritoa, Trapagaran alegia, geratu zen zulo kopuru bera eginda.

Jardunaldiko berririk txarrena, berriro ere Aldai Aldek eman zuen. Hasiera bikaina eman zion txapelketari, baina azkeneko bi jardunaldietan beherantz egin du, eta azkeneko saio honetan azken bigarren geratu zen.

Sailkapen nagusiko lehen bi postuetan, berriz, ez da aldaketarik izan, eta Jaizubiak jarraitzen du lehenengo izaten. Hondarribiko taldeak 40 puntu ditu eta Trapagaranek, bi gutxiago.

Hirugarren postuan orain Burdin Gazteak jarri da 29 punturekin. Aldai Aldek, berriz, postuak galtzen jarraitzen du eta, une honetan, Trapagarango bigarren taldea laugarren postuan kokatu da 27 punturekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo