Aizkora Txapeldunen Liga
Donato Larretxea eta Floren Nazabal izan dira lehen jardunaldiko bi onenak
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako aizkolaririk onenek Txapeldunen Ligari ekin diote dagoeneko, pasa berri den asteburu honetan jokatu baitira lehenengo bi ekinaldiak. Ostiralean, Larretxeak irabazi zuen Hernanin, eta herenegun, berriz, gauza bera egin zuen Nazabalek Ondategin.
Hernaniko ekinaldian, Larretxea, Olasagasti eta Lopez neurtu ziren, eta faboritoak ez zuen hutsik egin, erraz gailendu baitzen. Urrezko Aizkoran bezalaxe, lan ezberdinak egin behar izan zituzten, eta denak amaitzeko, 12 minutu eta 41 segundo behar izan zituen. Bigarren Olasagasti sailkatu zen 14 minutu eta 20 segundo eginda, eta azkena, berriz, Lopez sailkatu zen -14 minutu eta 51 segundo behar izan zituen lanak burutu ahal izateko-.
Bigarren jardunaldia Araban jokatu zen, Ondategin, eta han Nazabal, Lopez eta Olasagasti neurtu ziren. Etxarrikoa izan zen onena, eta lan guztiak burutzeko 15 minutu eta 31 segundo behar izan zituen. Bigarren, berriz, Lopez sailkatu zen, eta bere denbora 17.00 izan zen. Olasagastik, berriz, 18 minutu eta 4 segundo behar izan zituen.
Bestetik, larunbatean jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa, eta Erasun, Belarra, Kañamares I.a, Erdozia eta Amillano izan dira finalerako txartela eskuratu duten aizkolariak. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu behar zituen, eta denetan azkarrena Ander Erasun izan zen. 8.57 izan zen bere denbora. Bigarren Luix Belarra sailkatu zen, Aurtizko gazteak baino zortzi segundo gehiagorekin.