GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Helmuga urrun izan arren, primerakoa eta jendetsuagoa izan da jai parekidea

Hagitz kontent ziren atzo alarde parekideko lagunak, joan den urtean baino jende gehiago egon zelako bai desfilean parte hartzen bai espaloitik txalo jo eta animatzen. Gainera, kontuan izan behar da astelehena zela. «Ezingo dute esan Gasteiztik eta Iruñetik autobusak ekarri ditugunik, laneguna baita», aipatu zuen bestalari anitzek.

p002_f01.jpg

Maider IANTZI

10.07. Urdanibia Plaza zuri-gorriz jantzi da. Alarde parekideko kideak urduri daude, azkeneko prestaketak egiten ari dira: aizkorak, aitzurrak, palak eta gainerako tresnak zuzen-zuzen jartzen, txapela buruan egokitzen, banderatxoak ongi dauden begira... «Jai bat, herri bat, alarde bat» lelodun eranskina soinean itsatsi dute. Halako batean, txilibitu hotsa. «Bagoaz?». Lehenbiziko tiroekin batera ibiltzen hasi dira soldaduak, kantinerak, zaldunak, «atxeroak» eta gainerako kide guztiak, eta orduan lehertu da besta: irriak, txaloak, saltoak, agurrak, dantzak, animo oihuak... «Aupa ekipo!». Adin guztietako lagunak ari dira desfilatzen eta begira. Gazte jende anitz, adinekoak ere bai, umeak begiak zabal-zabalik abaniko, eskopeta edo danbor txikiekin... Banan-banan abiatu dira hamar konpainiak maldan gora. Guztira, 1.500 bat lagun.

«Beste urteetan ere hamar konpainia atera ohi gara, baina aurten jende gehiago dago talde bakoitzean», kontatu ziguten Patxi eta Larraitz danborrariek. «Lagun asko dago begira, eta asko ari dira txalotzen. Laneguna denez, irundarrak behar dute», nabarmendu zuten. Festako parte sentitzen dira eta sekulako poza ematen die horrek. Desfilatzen duten bederatzigarren aldia da.

«Lasaiago gabiltza, baina ezin dugu esan normaltasuna dagoenik, batez ere instituzioen eta Udalaren jarrera ikusita. Alkateak alarde tradizionalaz soilik hitz egin du gaurko adierazpenetan. Gu ere irundarrak gara», azaldu zuten.

Lehen geltokia: San Juan

San Juan Plazan egin dute lehenbiziko geldialdia, udaletxearen parean. Bero dago, eta gazte batzuek edari freskoak atera dituzte gurditik. Denak jeneralaren zain daude, isil samar. Bat-batean irrintzi bat entzun da. Gero bertze bat. Eta bertze bat. Xabier Martinez jenerala zaldi gainean ailegatu da, trosta bizian, eta ikara txiki bat izan du, irrist egin eta erori egin baita. Zaldiak zauri txiki bat dauka, baina jenerala ongi dago, zeregina betetzeko moduan da. «Konpainia! Kargatu, armak goiti, tiro!», egin die garrasi soldaduei. Askok belarriak estali ditu burrunbatik babesteko. Hiru aldiz egin dute gauza bera. Primeran pasatzen ari dira saltoka eta txaloka.

Ezker abertzaleko zinegotziek, Aralarrekoek eta Ezker Batukoek udaletxe azpiko aterpean egin diete ongietorria, baina alkateak, PSEko Jose Antonio Santanok, ez ditu alarde diskriminatzaileko lagunak bezala balkoitik agurtu. Alarde hau 19 konpainiak 7.40an atera ziren eta dagoeneko egina zuten goizeko itzulia. 7.400 parte-hartzaile zenbatu zituzten, iaz baino 300 gutxiago. Bertako jenerala ere, Satur Irigoyen, zalditik erori zen plazara sartzean eta zaldiz aldatu behar izan zuen.

«Oso ondo doa dena, hunkigarria da. Harro gaude emakumeok herri jai honetan parte hartzea lortu dugulako», adierazi zuten Raquel eta Koro irundarrek. Espaloitik begira ari baziren ere, heldu den urtean ateratzeko prest agertu ziren. «Edadeko jendearekin poliki gabiltza eta ez dugu ibilbide osoa egingo, puntu batzuetara joango gara soilik», kontatu ziguten.

11.00. Hurrengo puntu garrantzitsura iritsi da desfilea: elizara. Mikel «atxeroarentzat» benetan hunkigarria da elizarako jaitsiera. «Bat-batean kanpaiak jotzen hasten dira eta oilo ipurdia jartzen zaizu», deskribatu zuen. «Giro ona dugu gure artean, eta `atxeroak' bereziki oso ondo konpontzen gara. Hoberenak gara `atxeroak'», bota zuen txantxetan. Eguna «ondo eta lasai» zihoala adierazi zigun. Geroz eta hobeto daudela erran zuen, istilu gutxiagorekin. Hala ere, arratsaldean desberdina izaten dela ohartarazi zuen: «Goizean gure aurretik ateratzen dira `tradizionalekoak', baina arratsaldean gu abiatzen gara lehenbizi. Ordurako beren desfilearen zain egoten dira kalean eta beti sartzen dira gurekin. Irribarrez egiten diegu aurre».

Ez zuen tremendista azaldu nahi, baina gauza bat utzi zuen argi: «Gezurra da normaltasuna dagoela eta elkar errespetatzen dugula». 14-18 urteko neskatoak «sekulako gorrotoarekin» ikusteak atsekabetzen du.

Aukera kontua

«Atzo, alarde `tradizionaleko' emakume batek esan zidan begira ari diren emakumeek ematen diotela indarra jaiari. Espaloietan daudenak protagonista direla. Hori sinesten dute, eta gure kontra jotzen dute», azaldu zuen Mikelen kide batek, Txomin «atxero» gazteak.

Lagun baten amaren kasua ere kontatu zuen. Txikitatik ikusi izan du aita alardean desfilatzen, eta berak ere gauza bera egin nahi zuen. Ezin zuen soldadu izan, ordea, eta kantinera ateratzen zen. 1998an alarde parekidea antolatu zutenetik bertan ateratzen da. «Aukera kontua da. Hori da besteek errespetatzen ez dutena», azaldu zuen.

Giroa «pila bat baretu» den arren eta hainbertzeko gorrotorik sumatzen ez duten arren, hagitz urrun ikusten dute oraindik helmuga: alarde bakarra eta parekidea. Eta ez herritarrengatik soilik. Mikelen eta Txominen ustez, politikariak ahaleginduko balira kontua aldatuko litzateke.

12.00. Elizatik abiapuntura itzuli dira hamar konpainiak. Goizeko lanak bukatuta dituzte eta atsedena ongi merezia dute. Lagun batzuk Elizatxoko zelaietara jo dute zuhaitzen gerizpean patxada pixka baten bila, baina gehienek txosnetarako bidea hartu dute. Ez dago tragoxka fresko bat bezalakorik indarrak hartzeko. Oraindik arratsaldeko desfilea gelditzen zaie.

Gustura zegoen Olatz, dena «oso ondo» joan zelako. Hastapenetatik ateratzen da Irungo emakume hau alarde parekidean. Azken bi urte hauetan ezin izan du amatasun kontuak zirela-eta, baina aurten bestara itzuli da eta, beharbada, «zer edo zer lasaiago» sumatu du giroa. Desfilatu ondotik, familiarekin edo koadrilarekin bazkaltzeko ohitura dago, eta berak horixe egin behar zuen, senideekin eta adiskideekin mahaiaren inguruan bildu, Junkal Aranburuk bezala.

Aranbururen iritziz, gauzak moldatzen ari dira, gero eta jende gehiago dago bai desfilatzen bai ikusten, eramangarriagoa da, ez dute lehengo irainik eta erasorik jasan beharrik. «Gaizki pasatu dugu, baina orain, lehen kritikatzen entzuten genituenak ere batu zaizkigu. Seme-alabak ateratzen dira eta ez dute beste aukerarik». Hala ere, berdintasunaren alde borrokan jarraituko dutela baieztatu zuen, «Jai bat, herri bat, alarde bat» aldarrikapena egi bihurtzeko.

Hiriko alkateari buruz, objektiboa izan beharko lukeela erran zuen, eta ez, orain egiten duen bezala, Alarde diskriminatzailearen alde egin eta parekidea «une oro baztertu».

Mikel, Maite eta Berta pote bat hartzen ari ziren bazkaldu aurretik. «Primeran egon gara. Eguraldi eta giro ona, jende asko, musika... Izugarri disfrutatu dugu. Gure festak dira», adierazi ziguten pozik eta hunkiturik.

 

Emakume bat komandante

Aurten, lehenbiziko aldiz, emakume bat izan da alarde parekideko komandante: Ainhoa Ruiz de Arbulo. Hagitz ongi bete du, gainera, bere zeregina. Jeneralak, Xabier Martinezek, ikara txiki bat izan du, labain egin eta zalditik erori baita.

Hamar urte, mila bizipen

Mikel «atxeroak» azaldu duenez, giroa ikaragarri baretu da eta ez dago lehengo gorrotorik. Hala ere, gogoan ditu oraindik 1998an alarde parekidea antolatu zutenetik gertatutakoak. Etxera alabari «hija puta» oihuka joan zitzaizkionekoa, adibidez.

Gutxiengoa

Gutxiengoen parte izatea gogorra da beti, Mikel «atxeroak» baieztatu duenez. Alardearen kasuan, gutxiengo bat «satanizatu» egin zutela azaldu zuen. «Idiosinkrasia hautsi nahi genuela saldu zuten. Jaia sakratu bihurtu zuten eta gu, deabru».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo