GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskararen udal ordenantza egokien premia aldarrikatu dute Bilbon eta Gasteizen

Bilboko eta Gasteizko hainbat gizarte eragilek agerraldiak egin dituzte euskararen erabilera bultzatuko duten eta hizkuntza normalizazioa bermatuko duten udal ordenantza egokien premia aldarrikatzeko.

p018_f01_148x92.jpg

GARA |

Bilbon euskaldunak «bigarren mailako» hiritarrak direla salatu ostean, euskararen ordenantza onartzeko eskatu zioten Udal Gobernuari joan den ostiralean hainbat gizarte eragilek.

Adierazitakoaren arabera, Euskal Herrian euskaldun kopuru handiena biltzen duen udalerria izan arren, Bilboko Udala da euskara ez bermatzeagatik salaketa gehien jaso dituen erakundea. Horrez gain, Iñaki Azkuna alkatea «erdaldun hutsa» izatea eta Infobilbaok, Bilbao izeneko egunkariak eta Udaltzaingoak «euskararekiko agertutako begirune eza» salatu zituzten, baita hirian A eredua soilik eskaintzen duten lau eskola publiko izatea ere.

Eragileek gaineratu zutenez, Bilboko Udaleko euskara planaren epeak, eta beraz plana bera, betiko luza daitezke. Izan ere, ezarritako epeak ez dira betetzen. Ez hori bakarrik, ezarritako planak eta epeak ez dira egokiak euskararen normalkuntzarako.

Horren aurrean, euskarak lehentasunezko tratamendua izan behar duela aldarrikatu zuten. «Benetan Bilbon euskaraz bizitzea posible izango bada, Udalak neurriak hartu behar ditu», nabarmendu zuten. Neurri horiek indarrean jartzeko euskararen ordenantzak onartu behar direla ere gaineratu zuten. Horrenbestez, ordenantzak idatzi eta euskalgintzako eragile ezberdinen atxikimendua jaso ondoren, datozen hilabeteetan Udalean aurkeztuko dituztela aurreratu zuten.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bultzatutako dinamikak honako eragileen babesa jaso du Bilbon: Abante konpartsa, AEK, Artez, Asapala kultur elkartea, Ezker Abertzalea, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskarri, Hau Pittu Hau konpartsa, LAB, Palanka euskara elkartea, Segi, Ttantaka euskara konpartsa, Zustarri euskara konpartsa eta Ernai.

Konpromisoetatik ekintzetara

Gasteizen indarrean den ordenantzak euskararen erabileraren normalizazioa bermatzen ez duenez, ordenantza egoki baten beharra aldarrikatu zuten atzo hainbat eragilek. Ez hori bakarrik, euskararen izaera ofiziala eta Gasteizko biztanle denen hizkuntza-eskubideak benetan bermatuko dituen ordenantza baten premia plazaratu zuten.

Kontseiluak erakundearen «Euskararen Ordenantza Eredugarriak» agirian dago oinarrituta Gasteizko eskaera. Era berean, «konpromisoetatik ekintzetara» pasatzeko garaia dela nabarmendu zuten atzo Gasteizen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo