GARA > Idatzia > > Kultura

Bilboko Kalealdia antzerki eta arteen jaialdiaren bederatzigarren edizioa hasiko da gaur

Gaur eta bihar Bilboko Kale Nagusiak Hollywoodeko magia bereganatuko du Kalealdia jaialdiaren barruan. Besteak beste, film ezagunetako pertsonaiak izango dira hiriburu bizkaitarrean beraien lana erakusten.

p048_f01_.jpg

GARA | BILBO

Bilboko Kalealdia kaleko antzerki eta arteen jaialdiaren bederatzigarren edizioak nazioarteko artista ugari bilduko ditu hiriburu bizkaitarrean gaurtik aurrera.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen egitarauaren ohiturari jarraituz, emanaldiak Kale Nagusiko oinezko eremuan egingo dira uztailaren lehen hamabostaldian, eta Zazpi Kaleetako plazetan bigarrenean. Horrela, gaur eta bihar, «Izarren Kale Nagusia» izenburupean, Hollywoodeko magia guztia izango da Bilboko Kale Nagusian, zinemako izarrekin, film mitikoekin, kalean antolatutako filmaketekin edota zuzeneko musikarekin.

Birsortzeak

Horiek horrela, «Euripean kantari», «Casablanca», «Gilda», «Superman» edo «Izarretako gerra» bezalako filmen birsortzeak izango dira protagonista nagusiak gaur eta bihar Kale Nagusian, 18.00etatik 21.15etara.

Halaber, 18.00etatik 19.45etara «Grease» filmaren azken kantua bertatik bertara ikusteko aukera ere izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean.

Baina bestelako aukerarik ere izango da, izan ere, Hollywoodeko izarrekin argazkiak ateratzeko parada ere izango da bi egun hauetan. Horretarako Superman, Jack Sparrow edota El Zorro bezalako pertsonaia ezagunen 15 silueta jarriko dituzte Kale Nagusian zehar eurekin argazkiak ateratzeko.

Era berean, Clownx Teatre taldeak «Action!» ikuskizuna eskainiko du gaur eta bihar 20.00etan. Bertoko aktoreak Bilbon film bat errodatzeko antzezle egokiak bilatuko dituzte. Horrez gain, Pixie & Dixie Bandek zinemako doinu ezagunak eskainiko ditu zuzen-zuzenean.

Bestalde, «Antzerkiaren zazpi kaleak» goiburupean, 15 ikuskizun taula gainean izango dira Alde Zaharrean Kalealdiko bigarren zatian, hau da, uztailaren 8, 9 eta 10ean.

Horrela, Alde Zaharreko kaleak tamaina handiko agertoki bihurtuko dira berriz ere antzezle, pailazo eta malabaristentzat. Hiru egunetan antzeztuko diren 15 ikuskizunek kale-antzerkiaren egungo egoera bikaina islatzen duen aukeraketa ederra osatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo