GARA > Idatzia > > Euskal Herria

San Frantzisko kalean bideo- kamerak jartzeko asmoa gaitzetsi dute

GARA |

Bilboko Udalak San Frantzisko kalean bideokamerak jartzeko asmoa duela eta, ezker abertzaleak gogor salatu du «kontrol sozialerako intimitate eskubidea urratzen duen» neurri hori. Bilboko Udaleko EAJ eta EB omen dira egitasmo hori bultzatzen ari direnak eta, hortaz, «bere burua ezkertiartzat jotzen duen alderdi baten eskutik `Anaia Handia'» ezarriko dela ohartarazi zuen.

Jakitera eman duenez, kamera horiek gaitasun handikoak dira; antza, hemeretzi izango dira, eta egunkarietako letra txikia argi ikusteko eta elkarrizketak grabatzeko gai dira. Udalak egitasmo hori abian jartzeko erabilitako «aitzakia», «delinkuentziaren kontrako borroka», ez da baliozkoa ezker abertzalearen ustez; bere hitzetan, «instituzioen utzikeriaren ondorio» dira San Frantzisko kaleko arazoak eta, beraz, «bazterketaren kontrako eta gizarte integraziorako benetako politikak» behar dira horiek konpontzeko.

Arazoak lekuz aldatu

Ezker abertzalearen ustez, arazoen konponbidea ez da kamerak jartzea; gazteek kalean edateko duten ohiturarekin gertatu bezala, neurri honekin ere leku aldaketa besterik ez litzatekeela gertatuko salatu zuen.

Egitasmo hau gainerako auzo eta inguruetara zabalduko delakoan, dinamika honen kontra azaltzeko deia egin zuen. Bide batez, bideo-zaintzarako kamerak jarriak diren kaleen planoa ezagutaraz dezala exijitu zion Udalari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo