Lau hanka hobe zutabea irmo izateko
Blanca IZKUE Musikagintzako langilea
Badira zenbait urte kazeta honetan kolaborazio hauek egiten hasi ginela. Ongi gogoratzen dut proposamena jaso nuen eguna eta unea: Donostian ginen Lendakaris Muertos taldeko abeslaria eta biok, haien estreinako diskoa promozionatzen, eta gure arteko solasaldian -hori kasualitatea!- musika kritikari gutxi genituela hemengo hedabideetan aipatzen ari ginen, batzuk erdipurdikoak, gainera. Kritikari profesional gutxi eta zale asko zegoela musikan berezitutako prentsan, hain zuzen. Eta, halako batean, kultura arduradunaren deia jaso nuen hemen idazteko proposatuz. -«Ikusten al duzu? Hauxe esan dizut, gaur egun edozein sentitzen dela gai musikaz idazteko»-. Ezin ukatu niretzat ohorea izan zela proposamena. Garai haietan «Kaleidos» kultur gehigarrian kokatzen zen zutabe hau eta lau lagunen artean gauzatzen genuen, beste kide batek klasikoaz idazten baitzuen. Eta orain, datorren astetik aurrera, beste kolaboratzaile baten gogoetak irakurtzeko aukera izanen duzue. Zuen gozamenerako eta zutabe honen kalitatearen onerako, espero dut. Andoni Tolosa Morau-k aurkezpena merezi duelakoan nago. Artista dela uste dudalako, ibilbide luzeko musikaria delako eta, zergatik ez aipatu, laguna dudalako. Bera bezalako morroi xumea ezagututa, ez dut uste bere burua aurkeztuko dizuenik. Horregatik eginen dut nik. Musikarekin beti harremana izan duen gizon zoragarria duzue Andoni. Irrati esatari izandakoa eta, beraz, musika kritika aferetan iaioa. Baina, beste edozeren gainetik, musikaria eta hitz-egilea da Morau. Txoko honetan aritzeko, beraz, apartekoa. Bakarlari moduan ala taldearekin, hernaniarrak urte franko darama oholtza gainean bere gitarra eta ahotsa lagun. Bost disko, eta aurretik maketaren bat. Kontzertu mordoa eman du, horietako batzuk agertokia komunean partekatuz (guk Balerdi Balerdi-rekin). Horretan darrai oraindik ere, beraz, zutabe hau idazten dugunon artean aktiboki aritzen den musikagile bakarra (egile esan dut, Aritz). Bere kantuen hitzetan ironia eta umorea nabarmenak dira, erromantizismoari muzin egin gabe. Nola bestela bere azken diskoa «Kalamidadiak» izendatu? Ospeak tontotu ez duen gizaki xumea, egile abeslari umoretsua, sentimenduei atea beti irekita uzten diena, aurrerantzean haren eskutik izanen dituzue irakurgai lerrotxo batzuk hilean behin. Zinez espero dut zure idazkiek zutabe hau freskatuko dutela, egunerokotasuna emanen diotela, musikaren mundua bertatik bertara ezagutzen duzun aldetik, errealismoa gehituko diozula. Ongi etorri, lagun.