GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Inbidia zer den

Subjektuaren hausdura sufrimendu-iturri etengabea da, eta konpontzeko zaila. Gutaz dugun irudia ez da hobetzen kanpoko faktoreak hobetuz. Gure buruaz dugun irudia beira bezain hauskorra da, osatzeko gaitza eta beti barneko begiekin begiratzen da

Bilboko metroan entzuna: «ba ez didazu sinistuko, baina alabak inbidia dit». «Inbidia zutaz?» erantzun dio lagunak, «badakizu zer diozun? Begiratu zure burua, adinean sartuta zagoz, apur bat potolotxoa zara eta, barkatu esatea, baina ez zara Venus Milokoa. Zure alaba, ordea, gaztea eta polita da, zuk baino hogeita bost urte gutxiago ditu... eta hogeita bost kilo gutxiago». Temati erantzun dio andreak, «ba inbidia du nitaz, eta ez dakit zergatik; ez dit barkatzen naizena izatea. Horrexegatik tratatzen nau txarto. Nik kariñoz tratatu arren, berak trakets. Egia esateko, zenbat eta gozoago jokatu nik berarekin, are eta inbidia handiagoa du, eta gaizkiago jokatzen du nirekin!».

Andre potoloaren lagunak harridura aurpegi jarri eta sinesgabe begiratu dio, eta nik ere berdin begiratuko nioke, jakingo ez banu arrazoi osoa duela. Emakumea ez ezagutu arren ziur naiz halaxe dela. Alabak jeloskor jokatzen du amarekin, inbidiaz, objektiboki arrazoirik ez izanagatik. Inbidia, baina, inoiz ez da sentimendu objektiboa, subjektiboa da beti.

Psikoanalisiaren profesionalek badakite esperientziek ez dutela balio intrinsekorik, berezkoa, haatik, eta ez daudela lotuta datu objektiboekin. Beraiek azaltzen dute pertzepzioa haztatzeko faktore kognitiboak eta afektiboak hartu behar direla kontuan eta ez dagoelako erreferente aseptikorik. Den-dena da subjektiboa: kontua ez da zer gertatzen zaigun, baizik eta nola bizi dugun gertatzen zaiguna.

Txiste txar batek ondo islatzen du dioguna: pertsona batek ezagun batekin egin du topo kalean. Goibel doa ezaguna, betilun, «Zer gertatzen zaizu bada?», «Aita hil berri zait, gaur goizean». «Ba zelako eguna daramagun, motel, zuri aita hil eta niri oraintxe bertan galdu zait boligrafoa!».

Proportziorik ez dagoela pentsa genezake (txistea da) baina zaila da neurtzea trajediaren tamaina barnetik ez bada: txistekoak trajedia handiagotzat hartu du boligrafo kutuna galtzea auzokoak aita galtzea baino.

Metroko emakumearen alabak ezin du jasan amaren bizitza ikustea. Ez da amaren bizitza inbidiagarria delako (etxez etxe garbitzen ibiltzea ez da, izatez, inbidiagarria), baizik eta amak badakielako nor den, koherentea da bere buruarekin eta, nola edo hala, zoriontsua da. Alabak, ordea, hogeitaka kilo eta urte gutxiagokoa izanik ere, ez du gustoko ez bere burua, ez bere bizimodua, ezta bere irudia ere besteen begietan. Ez zaio gustatzen nor den, ez du bera izan nahi; ama izan nahi luke, zahar, lodi eta garbitzaile, baina osoa.

Subjektuaren eszisioa, hausdura, sufrimendu-iturri etengabea da, eta konpontzeko zaila. Gutaz dugun irudia ez da hobetzen kanpoko faktoreak hobetuz. Ez dugu gure burua gehiago maitatuko senar guapoagoa edo auto handiagoa lortuz. Gure buruaz dugun irudia beira bezain hauskorra da, osatzeko gaitza eta beti barneko begiekin begiratzen da. Eta metroan zihoan emakumearen lagunak kanpoko begiekin begiratzen zion. Horrela ez da ezer ikusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo