Fernando Salegi Ondarroa
Zain dezagun Aieri !
Azken urteotan, gazte ondarrutar asko inguruko herrietara joan behar izan dira bizitzera espekulazioaren ondorioz. Hau Euskal Herri osoan gertatu da, baina gurea bezalako herrietan modu nabarmenagoan, arrantzaren garairik oparoenetan «arrantzatutako» diru beltza zuritzeko etxebizitzak erosten baitziren.
Azken urtebetean, Ondarroan 200 etxebizitza inguru eraiki dira, eta orain bertan beste hainbat proiektu daude martxan: Zaldubiden, Ibaiondon, Antsosolon... Alokairurako, ostera, ez da etxe bat bera ere eraiki, eta ez dago bat bera eraikitzeko asmorik. Bestalde, Euskal Herritarrok-en legegintzalditik, erabiltzen ez diren komertziorako etxe-behetan etxebizitzak egiteko legedia dago onartuta, baina gaurdaino ez da pausorik eman berau aplikatzeko. Gainera, gure herriko populazioa nabarmenki jaitsi da, 9.000 biztanle ingurura heldu arte. Eta azken katastroaren arabera Ondarroan 499 pisu daude hutsik.
Milaka pisu eraiki ahalko dira, eta arazoak bere horretan jarraituko du, espekulazioaren eskuetatik ezin aterata. Ezin dena egin da, 45 milioitik gorako prezioa izango duten etxebizitza tasatuak eraikitzea, Kamiñalde-Iturribarrikoekin gertatu den bezala. Zein gaztek ordain lezake halako dirutza lotsagarria?
Guri dagokigun arazo konkretua Aieriko paduretan 487 etxebizitza eraikitzeko udal kudeaketa batzordeak Madrazo Etxebizitza Sailburuarekin sinatu duen hitzarmena da. Padura hau 1994 eraikigarri izendatu zen, baina gero Europar Batasunak Interes Komunitarioko Gune izendatu zuen, Natura 2000 Sarearen barruan sartuz. Eusko Jaurlaritzak berak ere babes zorrotzeneko gune izendatu du, besteak beste, bisoi europarraren presentzia handia delako bertan.
Aieriko paduraren balioa eta potentzialitatea oso handia da. Gure herriak askotan jasaten dituen uholdeetatik babesten gaitu, urak bertan egiten baitu gainezka, herrian egin aurretik. Bestalde, gunea berreskuratuz gero, aisialdirako leku aproposa izan daiteke, baita ingurumen hezkuntzarako toki egoki bat ere (txorien eta bestelako animalien begiralekuak ipiniz, eta abar).
Pelotazo urbanistikoen lagun diren eraikuntza enpresa eta politikarien gainetik, gizarteak pauso asko eman ditu arlo honetan. Eta ekosistema hauek babestu behar direla gero eta jende gehiagok uste du. Betirako desagertu aurretik babestu behar ditugu, ahal den heinean berreskuratuz, hurrengo belaunaldiei egungoa baino egoera hobean lagatzeko.