GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Karmen Txiki eguna ederki ospatuko dute gaur Markina-Xemeingo haurrek

Atzo jaietako egun handia izan ondoren, gaur ere festarako parada izango dute markinarrek. Izan ere, gaurkoan umeentzako ekintzak prestatu dituzte Karmen Txiki eguna behar bezala ospatzeko. Erraldoi eta buruhandiak kaleetan barna ibiliko dira goizean herriko txikiak zirikatzen, eta egun osorako parke erraldoia antolatu dute zelaian. Arratsalde partean, gainera, disko festa eta erromeria prestatu dituzte umeek festa eta dantzarekin goza dezaten.

p019_f02_148x132.jpg

Ibai BARRIOS |

Atzokoan egun handia izan zuten Markinako jaietan, Karmen eguna hain zuzen ere. Baina jaiak hasi baino ez dira egin Bizkaiko herri honetan. Gaurko, Karmen Txiki eguna izanik, umeei bereziki zuzendutako ekintzak prestatu dituzte.

Goizean txistularien kalejirak esnatuko ditu markinarrak 09.30etik aurrera. 11.00etan, Markina-Xemeingo trikitilariek alaituko dituzte kaleak. Ordu erdi geroago, umeak etengabe zirikatzeko eta beraiekin jolasteko prest agertzen diren erraldoi eta buruhandiak izango dira txistulariekin batera.

Egun osoan izango dute haurrek herriko zelaian ipini duten parke erraldoian jolasteko aukera; bertan zezen mekanikoak, bai eta quad eta cars-ek ume eta gazte guztien apetak aseko dituzte. Arratsaldean, mus eta briska txapelketak izango dira frontoi txikian, eta emango dituzten dirusariak ondo baino hobeto etorriko zaizkie txapelketan parte hartzen dutenei jaietan xahutzeko.

Gorputza mugitzeko aukera

Eguzkia sartu baino lehen dantzarako aukera egongo da Markinan. 19.00etatik aurrera, umeentzat espresuki prestatutako disko festa eta erromeria egongo da zelaian. Baina hau ez da nolanahiko jaia izango, izan ere, eta ohiko disko jartzaile eta musika taldeaz gain, animatzaile bat ere egongo da umeak koreografien bidez, batuka-dantza eta bestelako dantzagarriekin animatzen.

Ondorengo egunetan ere jaiez gozatzeko aukera egongo Markinan. Bihar, hilak 7, esaterako, goizean eta arratsaldean zesta-punta partidak izango dira eta gauean, berriz, Malabreikers taldearen eskutik, akrobazia, musika eta break dance ikuskizuna eta rock kontzertua herriko zelaian Delorean, Sagarroi eta Flujo Oskuro taldeen parte-hartzearekin batera.

Larunbatean Koadrilen Eguna ospatuko dute eta nabarmentzekoak dira zelaian egingo duten herri bazkaria eta Drindots taldearen erromeria.

Igandean, berriz, markinarrek Karmen jaiei agur esango diete hurrengo urtera arte. Jaiak ondo amaitzeko «Hau dok hau» txarangaren kalejira eta Alarabi deituriko jaietako panpina erreko dute.

PARKE ERRALDOIA

Umeek aspertzeko betarik ez dute izango Markinan. Egun osorako zelaian jarri duten parkean zezen mekanikoa, Oktogono eta Kamelot puzgarri erraldoia, pultso estelarra eta quads eta cars-ak egongo dira, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo