Etxeko txikiak izango dira gaurko protagonistak Antzuolako jaietan
Gaur botako dute Antzuolan jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa. Egunean zehar haurrentzako hainbat ekintza izango dira; gauean berriz, hontzaren jaitsiera eta zezensuzkoa izango dira, besteak beste.
GARA |
Urtebete itxaroten pasa ondoren, berriro ere jaiak dira Antzuolan. Pasa den asteburuan dagoeneko festak ospatzen hasi baziren ere, gaur botako dute festen hasiera iragartzen duen txupinazoa. Atseden egun batzuen ondoren, asteburu luzea izango dute antzuolarrek, datozen lau egunetarako egitaraua, bete-betea, zain baitute.
Gaurkoan parte-hartzaile nagusiak haurrak izango dira. Izan ere, beraientzat prestatuko ekitaldi ugari izango baitituzte egunean zehar: goizeko hamaiketan hasita, umeentzako jolasak izango dituzte eta, eguerdi partean, udalekuetako umeen eskutik karaokea izango da herriko plazan; eguerdiko ordu bietan, haurrek herri bazkaria egingo dute eta, bazkalondoren, hainbat jokotan parte hartzeko aukera izango dute herriko plazan bertan.
Gaurko jai egitaraua bereziki etxeko txikiei begira eratu bada ere, gainerakoek ere izango dute zer gozatua. Aurreko asteburuan ere izan zuten festarik, baina jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa eta kanpai-jotzea gaur izango da, 18.00etan. Gero kalejira egingo dute txistulari, trikitilari eta buruhandiekin herriko kaleetan zehar. Geroxeago, 19.00etan, askoren parranda leku izango diren txosnak irekiko dituzte, Zurrategin.
Iluntzeko zortziak inguruan, ikurrin-dantza egingo dute Oinarin taldeko haurrek, hain zuzen ere, aurten dantza ikasten hasi direnen lehen saioa izango dena. Horrekin batera, Antzuolako bandera eta ikurrin jasotzea egingo dute, baita, Oinarin dantza taldeak lagunduta, Udalbatzaren aurreskua ere. Tradizio luzea duen dantza da jaietako lehen egunean egiten dena, duela 30 urtetik hona, hutsik egin gabe, dantzatu baitute.
Gau partean, euskodiskotekaz gozatzeko aukera izango dute. Hamaikak aldera berriz, zezensuzkoa ibiliko da herriko plazan eta geroxeago, hontzaren jaitsiera izango da, elizako kanpandorretik behera. Aurten, gainera, DYAko ordezkariak arduratuko dira hontzari ongi etorria emateaz.
Datozen egunetarako badute zer aukeratua antzuolarrek. Ostiralerako, esate baterako, lehendabiziko aldiz egingo den marmitako lehiaketa antolatu dute. Bertan, Antzuolako gastronomia elkarteek, nahiz beste edozein taldek parte har dezake. Goizeko hamaiketan hasiko dira parte-hartzaileak marmitakoa prestatzen, eta eguerdian sari banaketa egin ondoren, bertaratzen direnen artean banatuko dute prestatutakoa.
Larunbateko ekitaldi nagusietakoa, berriz, Mairuaren alardea izango da. Aurtengoan, azken urteetan mairuarena egiten aritu den Salvador Peña agurtuko dute, omenalditxoa eginez.
Oinarin dantza taldekoekin batera egiten den Udalbatzaren aurreskua tradizio luzea duen dantza da Antzuolan. Duela 30 urtetik hona dantzatu dute, behin ere hutsik egin gabe.
Lehen aldiz, marmitako lehiaketa egingo dute ostiralean, eta gastronomia elkarteez gain, beste edozeinek parte hartu ahal izango du. Sariak banatu ondoren, prestatutakoa ere banatu egingo dute.