GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Elhuyar fundazioak webgune bakarrean bildu ditu hizkuntza zerbitzuak

Euskararen normalizazio bidean sortutako hizkuntza zerbitzuak biltzen dituen webgunea ireki du Elhuyar fundazioak. Bertan, euskara lan tresna duen edonork hizkuntza zerbitzu eta produktuak eskura izango ditu.

Janire ARRONDO |

Euskara lan tresna duen edonorentzat webgune berria jarri du abian Elhuyar fundazioak, Elkar argitaletxearen eta EHU-UPVren lankidetzarekin: www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak. Bertan fundazioak «hizkuntza normalizazioaren alorrean egindako baliabide eta zerbitzuak bildu ditu», Itziar Nogeras Elhuyarreko zuzendari nagusiak adierazi zuenez. Elhuyarren ibilbidean, zientzia komunikazioarekin batera, hel-buru nagusia hizkuntzaren normalizazioa izan da. Fundazioak zentzu horretan eman duen lehen urratsa izan da honakoa, baina bide horretatik jarraituko dutela adierazi dute.

Gaineratu zutenez, «dinamikoa izango da atari hori, eta baliabideak ugaritzen doazen heinean, webgunea ere elikatzen joango gara».

Webgunean hizkuntzen eta lokalizazioen arloko zerbitzu espezializatuak aurki daitezke, hiztegi kontsulta eleaniztunak egin ahal izango dira, eta gainera, duela sei urtetik ikerketa alorrean egindako lanen emaitzak ikusi ahal izango dira. «Hori guztia gizartearen eskura jarri nahi izan dugu», berretsi zuen.

Elhuyar fundazioko Hizkuntza Zerbitzuko arduradun Josu Aztiriak agertu zuenez, webgune berri horrekin hiru helburu nagusi betetzeko asmoa dute. Lehen gune ezberdinetan zituzten hizkuntza baliabide eta tresnak bakar batean biltzeaz gain, «hizkuntza zerbitzuen alorrean erreferente izango den» atari bat sortu nahi izan dute. Hizkuntzalariek, itzultzaileek nahiz edonolako hizkuntza behar espezifikoak dituztenek nora jo jakin dezaten. Horretaz gain, webgune hori «erabiltzaile eta bezeroekin dituzten harremanak sendotzeko bide» izatea nahi dute. Web atariaren sortzaileen hitzetan, eskaintzen diren zerbitzuen arabera bi eratako erabiltzaileei zuzenduriko gunea da. Alde batetik, hiztegi kontsulta eleaniztuna dago, beraz, hori euskaraz lan egiten duen edonork kontsulta dezake. Aldi berean, hainbat zerbitzu espezializatu daude bertan, eta baliagarria izango da itzultzaileentzat, terminologoentzat, hizkuntza teknologietan ari diren ikerlarientzat...

Webgunean barna

Aurkeztu berri duten webgune honetako hasierako orrian web-ean dauden tresnak azaleratzen dira. Hiztegi kontsultak egiteko bilatzaile azkarra eta hizkuntza zerbitzuen blogeko azkeneko sarrerak, besteak beste.

Elhuyar fundazioaren informazio korporatiboa eskaintzeaz gain, itzulpengintzarako eta euskara kalitaterako zerbitzuak biltzen dira. Berrikuntza moduan, hizkuntzaren kalitaterako kontsultak egiteko aukera eskaintzen dute; horretarako formulario bat bete eta Hizkuntza Zerbitzuko kideek erantzuna emango dute. Hiztegigintza produktuak, berriz, hiru alorretan banatuta aurkitzen dira. Euskarazko hiztegiak daude batetik, elebidunak bestetik eta hiztegi teknikoak azkenik. Gainera, berrikuntza moduan telefono mugikorrerako hiztegi bertsio murriztua jaitsi ahal izango da. Bestetik, fundazioko I+G+b sailean egiten diren ikerketek ere leku berezia izango dute.

Nogerasek iragarri zuenez, aurten gune berri bat irekiko dute, han Zientzia Komunikazioaren jarduera sareratuko da.

sakelakoan ere bai

Berrikuntza gisa, sarean hainbat motatako hiztegiak aurkitzeaz gain, telefono mugikorretarako hiztegi bertsio murriztua jaitsi ahal izango da Elhuyarren webgunetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo