GARA > Idatzia > > Kultura

Jimmy Cliff jamaikarra, Zornotzako Belarregae jaialdiko izarra

A. BILBAO | BILBO

Zornotzako Karmen jaiak ospatzearekin batera, Belarregae jaialdi beroa izango dugu beste behin Larreako futbol zelaian. Iaz Sizzla izan genuen bertan, bere iraganeko jarrera homofobikoa zela-eta, kalapitaren bat edo beste eragin zuena. Hala ere, Sizzla Kalonji izarrak bertan abestu zuen iaz eta aurten, maisuetan maisu dugun Jimmy Cliffek hartuko dio lekukoa. Harekin batera, Ce´Cile eta Jah Cure ditugu jaialdiko izar nagusiak, jamaikarrak hirurak.

Jimmy Cliff -1948an St Catherinen jaioa, (Jamaika) berez James Chambers du izena- reggae musikak bizirik duen mitorik garrantzitsuenetakoa da eta besteak beste, «The Harder They Come» pelikularen soinu banda ospetsuaren egilea. Joe Strummer eta Sting laguntzaile izan zituen azken lanean eta Bob Dylanek ere goraipatu izan du bere kantutegia.

Jah Cure eta Ce´Cile artista gazteak ditugu. Batak 29 urte dauzka, eta iazko «True Reflections...A New Beginning» du azken lana, laugarrena. Bestea, dancehallak duen emakume artistarik ezagunenetarikoa da.

Alta, artista hasiberri eta ez horren ezagunek ere izango dute ikus-entzuleen aurrean agertzeko betarik. Jaialdian parte hartuko dutenen artean, beraz, Wadada Sound, Warrior Vybz, One Blood Sound, Green Valley, Revolutionary Bros eta Ras Kuko & MSB taldeak izango dira.

Adi ordutegiari

Jaialdiak bazkalostean irekiko ditu ateak eta Wadada Sound izango da, 15.00etan, oholtza zapalduko duen lehena. Izen handikoak ordea, Ce´Cilerekin abiatuko dira iluntzeko seietan. Hamarretan, behin ilunduta, Jah Cureren txanda eta jaialdiko izar eta jamaikar musikaren mito, Jimmy Cliffek Belarregae jaialdiari amaiera emango dio, 00.15ean hasiko duen zuzenekoarekin. Sarrerak salgai dira dagoeneko 30 eurotan, eta 35 euro balioko dute leihatilan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo