GARA > Idatzia > > Kultura

Lezetxiki: iraganerako tunelaren begiradapean hartzaren eta gizakiaren aztarneI jarraituz

Arrasateko kobaren barrunbeak zeharkatuz, duela 150.000 urteko bizimoduaren erroetara jo daiteke. Tunelean murgilduz, hartzen hezurrak eta gizakien presentzia egiaztatzen duten aztarnek altxorraren uharteko azken aurkikuntza osatzen dute. Barandiaranen urratsei jarraiki, inoiz aztertu gabeko maila zaharrenak arakatu ditu Aranzadik.

p042_f03_212x152.jpg

Odeia AIESTARAN

Ursus deningeri eta Ursus spelaeus; ez dira ez nolanahiko izenak. Beste elementu batzuen artean, Leizetxiki koban aurkitu dituzten hartzak dira biak. Aranzadi elkarteak horien hezurrak topatu ditu aurtengoan eta, beraz, duela 150.000 urtetan kokatzen du leize-zuloan egon zitezkeenen presentzia. Agertu den fauna motagatik eta maila horretako hartzengatik, beraz, koban zehar egindako bidaiak Erdi Pleistozenotik Goi Pleistozenora bideratu ditu kideak. Elkarteak atzo Lezetxiki koban aurkeztu zituen azken aurkikuntzak eta lanen nondik norakoaren berri eman zuen.

Arrasateko Garagartza auzoan dago Lezetxiki, eta bidea samurra ez den arren lanean ari dira bertan. Mendiko paraje eder horretan, mendebaldean Aizkorriko mendizerra ikus daitekeela, kobazulorako sarrerak denboran nahita ez bidaiatzera behartzen du ikuslea. Tunel baten tankerakoa da, eta hegoaldera begira dagoen irteeraren sabaia erortzen joan da urteen poderioz. Horregatik, pixkanaka tunela laburragoa bilakatu da eta hegoaldeko ataria «atzeratu» egin da; horrekin batera, bertan bizi izan diren gizakiek eta animaliek gero eta iparralderago utzi dituzte aztarnak. Pasadizoan aurrera egin ahala, garai batean igarobidea izandakoa antzematea ez da zaila. Orain, indusketen tamaina dela-eta altxorrez betetako zuloa dago erdian. Aukera ezin hobea da «urrearekin» topo egiteko.

«Leizeetako hartza» izenez ezagunagoa den Ursus spelaeus hartzaren hezurdura oso bat atzeman dute kobaren sei metroko sakoneran. Hasieran bizkarrezurra, beherago arakatuta saihetsak, oraindik beherago aldaka... brotxarekin igurtzi txiki eta leunak eginez, berehala hartzaren oinetara iritsiko direla aipatu zuen Aranzadiko kide eta EHUko irakasle Alvaro Arrizabalagak. Horrela, animaliaren anatomia oso-osorik ikusi ahal izango dute. Aurkikuntza historikoa bada ere, desberdintasun handirik ez du gizakiaren gorputzarekin; «gurekin alderatuta antzekotasunik badute», zioen Arrizabalagak.

Jardunean lagun askok dihardute, bai euskaldunak bai atzerritarrak; EHUko ikasleak eta atzerriko unibertsitatetakoak. Animaliaren hezur guztiak lur azpitik ateratzeko gogo bizia izanda ere, kontuz egin beharreko lana dela aipatu dute denek, pixkanaka-pixkanaka eta suabe-suabe. Pentsaezina badirudi ere, leizetako hartzaren ornoak, femurra, peronea, falangea, baraila eta tamaina ederreko letagina ere aurkitu dituzte.

Hartzez gain, animalia ugariren aztarnak topatu dituzte: ohikoak ez diren katamotzak, elur oreinak, gaur egun Alpeetan ikus daitezkeen marmotak, errinozero iletsuak... Horiek guztiek, besteak beste, Lezetxikiko klima ezagutzeko parada eman diote elkarteari, batzuk giro hotzekoak eta beste batzuk, aldiz, berokoak direlako. Horregatik, Lezetxikik milaka urteetan klima ezberdinak ezagutu dituela esan daiteke. Horren harira, aldaketa klimatikoa «beti» egon dela zioen Arrizabalagak.

Gizakiak ere bere presentzia ondo ziurtatua utzi zuen garaian eta horrela, erabilitako tresna ugari topatu dituzte. Limonita harritik, esaterako, printza batzuk ateratzen zituzten tresna gisa erabiltzeko, eta horiek ere bere gordelekutik atera dituzte. Gainera, Iberiar Penintsulako zaharrenak direla azpimarratu zuten. Izan ere, zaharragoen zantzurik izan arren, datazioa duten bakarrak dira Lezetxikin atzemandakoak.

Azken urteotako indusketa-kanpainan beste koba batean ere ari dira ikertzaileak. Arrizabalagaren esanetan, tunel nagusiarekin lotura duen koba txiki bat da aztertzen ari direna. Lezetxikik, beraz, badu uste baino gertuago lagunik; galeria txiki bat: Lezetxiki II izena eman diotena. Atzo goizean adierazi zuenez, Jose Miel Barandiaranek (Ataun, 1889-1991) egindako aurkikuntzek ez zuten testuingururik, ez zen inolako tresnarik bilatu, «guk, beraz, kobazulo txiki horrek zerikusia izango zuelako susmoa hartu genuen» eta horrela ekin zioten lan mardulari.

Elkartea orain zortzi urte hasi zen eremu horretan indusketa lanetan eta hasieran araketa txiki bat egin behar izan zuten, pertsona bat barrura sartu eta lanak bere gorputzaren ingurutik hasita egin behar izan zituen, horizontalean.

Kobak 300 metro jarraitzen du beherantz eta jada, bi metro eta erdiko sakonera duen lau metroko lubaki bat egin dute. Bertan aurkitu dutena balio handikoa da, testuingurua ulertzeko ezinbestekoa, «orain badugu kronologia definitzeko informaziorik» aipatu du Arrizabalagak. Bertan aurkitu dutena tresna eta hezurrak dira.

Baina hemen ez da jarduna eteten. Balio handiko elementu horiek guztiek fase administratiboa igaro behar baitute. Ondoren, ikertzeko prest izango dira.

J.M. Barandiaranen lana

Arkeologiak bihotzean daraman gizona da J.M. Barandiaran. Bere biografia luzean Lezetxikiri tarte garrantzitsua eskaini zion eta horrela, 1956tik 1968ra indusketa lanak egin zituen aztarnategian. Koban protagonista izan den eta oraindik ere badenak garrantzitsu bihurtu zuen eremua. Hamabi urte iraun zuen kanpainan ataundarrak Euskal Herrian aurkitu den giza fosilik zaharrena aurkitu zuen. Aita Barandiaranek lanak etetearen arrazoia geruza batekin topo egin izana da. Hori ikusita, azpiko mailan ezer ez zegoela pentsatu zuen.

Ikerketa talde zabala osaturik 1996an hasi zen Aranzadi elkartea Lezetxiki ingurua arakatzen. Orduko egoerak oraingoarekin zerikusirik ez zuela azpimarratu zuen Aranzadiko kideak. Gaur egunera arte, induskatutako mailak Barandiaranek aurkitutako estratigrafiarekin lotzen ziren, baina iaz maila zaharrenera iritsitakoan, aurtengo kanpaina are zaharragoetan zentratu da. Horregatik garrantzia berezia du.

Orain, aurretik ezagutu gabekoak azaleratu dituzte eta hemendik aurrera, berriz, orain ezagutzen ez diren aurkikuntzek ustekabe ederrak eman ditzakete. «Bertako haitza topatu arte jarraituko dugu», behin hori aurkituta bertan ez dela ezertxo ere geratzen esan nahiko du-eta.

Horregatik amaiera datarik ez dute iragarri nahi izan, kontuan hartuta, gainera, horrelako lan mardulak ez direla egun batetik bestera egiten. Beraz, sekretu asko aurkitzeko eta azaleratzeko geratzen direlakoan jarraituko dute etenik gabe lanean.

Aita Barandiaranek Euskal Herrian aurkitu den giza fosilik zaharrena aurkitu zuen. Orain Aranzadi elkarteak hartzen hezurrak topatu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo