Saxofoiaren «kolosoa», berriro Mendizorrotzako oholtzara
Herenegun Wayne Shorter eta Herbie Hancock mitikoak izan ziren Mendizorrotzako oholtza gainean eta bihar, Sonny Rollins erraldoia izango dugu bertan. Gasteizko Jazzaldia aurrera doa, eta gaur bertan Cassandra Wilson eta Maria Schneiderren «big bandek» joko dute.
Anartz BILBAO | BILBO
Herbie Hancock eta Wayne Shorter lagunek oholtza partekatu zuten herenegun Gasteizko Jazzaldian, eta bi horiek elkarrekin zerbait egiteko aukerak gauari zirrara berezia eman bazion ere, ez zen maisu bien arteko elkarlanaz gozatzeko betarik izan. Bira honek lur jota utzi omen du Shorter, eta kontzertua baino lehen Hancock piano jotzailearekin lagunarteko solasean aritu bazen ere, saxofoi jotzaileak lana bukatu bezain pronto utzi zuen Mendizorrotza kiroldegia. Kontuak kontu, azken txanpan sartu da jaialdia, eta oraindik bada zer gozaturik.
Azken txanpa
Gaur bertan, itzal handiko bi emakumek hartuko dute oholtza. Batetik Cassandra Wilson, oso ezaguna dugun ahots bikaina. Egun New Yorken bizi den abeslariak, 2006an «Thunderbird» lanean hip-hoparekin saiakerak egin ostean, aurtengo «Loverly» du azken lana, ohi bezala, Blue Note zigilu entzutetsuan emana. Bestetik, Maria Schneider zuzendaria, egun munduan den big band bikainenaren ardura duena.
Jaialdiaren izarrik distiratsuena baina, jakin-min biziena sortu duena etzikoa dugu. Sonny Rollins saxofoi jotzaileak duela bi urte txunditu zituen Gasteizko jazz zaleak, eta honakoan beste horrenbeste lortzeko asmoz dabilela dirudi. Antolatzaileen esanetan, maisua ikusteko aukerarik bada oraindik, baina pozik agertu dira, aurreko gauetan bezala, sarrerak agortzetik hurbil izango direla-eta. Bitartean, asteazkenetik Bilbon omen dabil bizar zuridun Rollins, bertan hartu baitu hotela.
Jaialdiari etzi emango diote bukaera, bossa nova sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen duen ekitaldi batekin. Rosa Passos eta Milton Nascimento & Trio Jobim brasildarrek joko dute Mendizorrotzan.
Rosa Passos kantari eta gitarra jotzaileak «Romance» lan berria aurkeztuko du laukotean, eta Milton Nascimentok, berriz, «Novas bossas» diskoa, Paulo eta Daniel Jobim aita-semeekin batera.
Gehiago nahi izanez gero, jo Printzipal Antzokira edo Canciller Ayala hotelera.
Data: Gaurtik igandera, uztailak 20, bitarte.
Oholtza nagusia: Mendizorrotza (Gasteiz).
Ordua: 21.00etan.
Gaur: Cassandra Wilson + Maria Schneider Big Band (26 euro).
Bihar: Sonny Rollins (40 euro).
Etzi: Milton Nascimento & Trio Jobim + Rosa Passos (26 euro).