Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea
Herria da gorputza, hizkuntza bihotza
Azken 30 urteotan EAJk du egindakoaren eta egin gabekoaren ardura. Espainiaren estrategian sartu, eta Autonomia Estatutuarekin onartu egin baititu Euskal Herriaren ukazioa, lurralde zatiketa, eta menpeko hizkuntza politika eta legeria
Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen lV. Azterketa Soziolinguistikoaren arabera, EAEn, 10etik 8 baino gehiago erdaraz egiten da, eta 10etik 2, euskaraz; Nafarroa Garaian, 10etik 9 gaztelaniaz, eta 1 euskaraz; eta Ipar Euskal Herrian, 10etik 9 frantsesez, eta 1 euskaraz. Hizkuntza hila erabiltzen ez den hizkuntza da. Beraz, esan liteke euskara bizirik egotetik baino heriotzatik hurbilago dela. Azterketa horrek Jaurlaritzaren 2005-2009ko egitasmoaren joera negatiboak berresten ditu: «Euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman».
Egoera honen ardura nagusia Espainiarena eta Frantziarena da. Bi estatu horien mendeetako zapalkuntza euskararen erabileraren bakartze progresiboa eta murriztailea eragiten ari da, euskararen hedapen demografikoan, zabalpen geografikoan, eta erabilera esparruetan; eta, beraz, bere erabiltzeko aukeren errepresentazioan ere. Horregatik, PPren planteamendua Euskal Herrian erdaraz bizitzeko, indarkeria eta inperialismo linguistikoa onartzea da: faxismo linguistikoa.
Alabaina, azken 30 urteotan EAJk du egindakoaren eta egin gabekoaren ardura. Espainiaren estrategian sartu, eta Autonomia Estatutuarekin Euskal Herriaren ukazioa, lurralde zatiketa, menpeko hizkuntza politika eta legeria onartu baititu. Eta horrela, lortezina da estatuen kolonizazioaren eta asimilazioaren injustizia bukatzea; eskuraezina, dagozkigun hizkuntz eskubideen errespetua lortzea.
EAJren politika ez da fidagarria. Batetik, euskararen normalizazioa mugatzeko kontzeptuak manipulatu dituelako: hizkuntz normalizazioa eta elebitasuna kontrajarriak dira. Hizkuntz normalizazioa euskararen nagusitasuna da; elebitasun soziala ez da normalizazioa, menderakuntza baizik, eta eredu iraunkorraren adibiderik ez da munduan. Bestetik, euskalgintzaren aurka gogor jokatu duelako: AEK, «Egunkaria», Kontseilua... Jokabide horien azpian batek baino gehiagok ikusi du euskara, trauma sozialik gabe, urratsez urrats galtzeraino eramateko asmo gaiztoa.
EAJren egungo estrategiarekin ezinezkoa izan da, da eta izango da Euskal Herri euskalduna berregitea. Ez baita bere proiektu politikoaren helburu; Euskal Herriaren burujabetasuna ukatu, estatu-hizkuntza ofizialen inposatze soziala onartu, eta aliantza politika PSOErekin burutzen baitu. Eta alderdi espainolista horrek «Euskal Herria» izena Euskal Curriculumetik kentzea exijitu, euskaldunen hizkuntz eskubide indibidualen dimentsio kolektiboa baztertu, eta euskararen herriaren autodeterminazio eskubide unibertsala ukatzen du. PSOErekin hitzartzeak, beraz, Estatu espainolak jarritako mugak onartzea, Euskal Herria arbuiatzea eta Euskal Herri euskaldunaren aurkako betoa ametitzea esan nahi du.
Euskara desagertzeko politika eremu zabaletan burutzea eta, gero, neurri aringarriak bideratzea tranpa da. Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria euskalduntzera baino, EAJren menpeko hizkuntza politikaren mugak zuritzera zuzenduta daude, Euskal Herri osorako hizkuntza politika nazional bakarra eta tokian tokikoaren gabezia estaltzera, lege mailako eta euskara sustatzeko aurretiazko neurri proaktiboen falta ezkutatzera, eskolaren eta administrazioaren porrotetatik arreta desbideratzera, eta itxurak egitera hizkuntz politikaren eredu berriaren beharra saihesteko.
Hizkuntz gaitasuna dimentsio indibiduala da, baina hizkuntza fenomeno soziala da. Euskara ez da erabiltzen gune erdaldunetan, erdal baldintzetan jarduten dutenetan; eta erabili ahal izateko, baldintza horiek aldatu behar dira; behar-beharrezkoak dira euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna berregiteko.
Euskararen garapen iraunkorra bermatzeko, Euskal Herriak aldaketa politikoa behar du. Esparru demokratikoa, euskal Estatuari ateak irekitzeko, euskal Estatua baita euskara babesteko eta gure eskubideak bermatzeko aukera bakarra. Euskal Herria euskalduntzeko hiru baldintza baitira beharrezko: euskal herritarren konpromiso zibikoa eta politikoa, norberaren euskal nortasuna osatzeko; eragile sozialen jarrera proaktiboa esparru sozialak euskalduntzeko; eta euskal Estatuaren indar derrigortzaile demokratikoa, euskararen nagusitasuna bermatzeko.
Horretarako, ezker abertzaleak azken urte hauetan, euskal jendarteari eskaini dizkio hizkuntza politikari buruzko zenbait tresna. Hala nola: «Hizkuntza Politika Berria», «Euskara Berreskuratzeko Legea» eta «Hezkuntzarako Hizkuntza Politika Berria». Proposamen eraikitzaile horien bidez eztabaida piztu, hausnartu eta Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa guztion artean edukiz bete dezagun.