Lan istripuetan hildakoen kopurua gora eta gora doa; baita arduradunen arduragabekeria ere
Atzo, goizean, langile bat larriki zauritu zen Gasteizen, eta arratsaldean Pasaiako portuan beste langile bat hil egin zen lan istripuan. Atzokoarekin sei dira astebeteko epean Euskal Herrian istripuen ondorioz hil diren langileak. Errekor beltza, edonondik begiratuta ere.
Lantokian hiltzen den pertsona bakoitzeko instituzioek ikerketa bati hasiera ematen omen diote. Sarri, gainera, teknikariek egindako lehendabiziko txostenak argi uzten du istripua segurtasun ezaren ondorio edo baldintza kaskarren ondorio dela. Hala eta guztiz ere, astero-astero lan istripu larri baten berri izaten dugun arren, txosten horien bilakabidea zein den nekez jakingo dugu. Zer gertatzen da salaketa horiekin? Isunak ezartzen al dira? Auziak abiarazten al dira? Norbait zigortzen al dute benetan? Heriotza hauen arduradunak agertzen al dira?
Beste auzi batzuetan «alarma soziala» zeinen erraz pizten den ikusita, tamalgarria da lan istripuen kasuan alde guztietan dagoen arduragabekeria. Enpresariena lehenik, beraien esku baitago lan baldintzak duintzea. Baina administrazioarena ere bai, azken batean, bere esku dagoelako basakeria honi muga jartzea.