GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Urtero bezala ekitaldiz beteta dator Larrabetzuko Gazte Eguna

Urtero bezala, eta ia mende laurdenez gainera, udaran Bizkaiko Txorierri eskualdean antolatzen duten jaiegunik «mitikoena» dugu dudarik gabe Larrabetzuko Gazte eguna. Atzokoan aperitibo gisa triki-poteoa, herri bazkaria eta gauean erromeria izan zuten, bihar izango da urtebetez itxaroten egon diren eguna. Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte herrian bertan eta nabarmentzekoak dira, besteak beste, gaztetxe eta gazte asanbladen arteko olinpiadak.

p019_f02_097x140.jpg

Ibai BARRIOS |

Mende laurdena betetzeko zorian, Larrabetzuko Hori Bai! gaztetxeak, urtero legez, Gazte Eguna antolatu du. Gazte mugimenduko kideek urtebeteko lanaldiaren ondoren sustaturiko proiektuak argia ikusi ohi du udara guztietan eta jada 23. edizioa dute aurtengoa. Abuztuaren 2ko egun handiaren bestekoa izan ez bazen ere, atzo ere jaieguna izan zuten Bizkaiko Txorierriko herri honetan.

San Inazio eguna behar bezala ospatzeko goizean txistularien doinuek girotu zituzten herriko kaleak. Eguerdiko ordu batean festak triki-poteoarekin jarraitu zuen ordu erdi geroago egin zuten herri bazkariari merezitako harrera emateko moduan. Arratsaldean, herritarrak indarrak hartu zituzten gaueko ordu txikiak arte iraun zuen «Basajaun» taldearen erromerian dantza etengabean aritzeko.

Egun bateko atsedena hartuta, bihar ere Larrabetzuko herria festa giroan murgilduko da berriro. Gazte Eguna bertan izango da, eta ahalik eta ondoen pasatzea espero dute bertakoek zein kanpotik etorritako guztiek.

Eguerdiko hamabietatik aurrera, mural erraldoi baten margoketan parte hartzeko aukera izango da. Jarraian, Hori Bai! gaztetxeko kideek prestaturiko menua dastatzeko parada izango du nahi duenak. Aurten, gainera, berritasunez beteta dator herri bazkaria. Izan ere, betiko mahaiei oraingoan aulkiak ere gehituko dizkiote, jendea eserita jan dezan. Menu ederra prestatuko dute, 6 euroren truke, pasta entsalada eta solomoa piperrekin eskainiko dituena, ogia, edariak eta postrea barne.

Arratsaldean eguneko ekitaldirik jostagarriena izango dugu. Herriko gaztetxearen eta Bizkaia osotik etorritako gazte asanbladen arteko olinpiadak jokatuko dituzte, eta ziur asko guztien artean giro ezin hobea zabalduko dute Larrabetzun.

Gauean, 22.00etan, kalejira egingo dute, eta gauerdian jende gehiena erakarriko duenaren txanda izango da: rock kontzertuak. Lehenik, No Relax: aurten berriro taula gainera itzuliko den Ska-P Madrilgo taldean aritutako Joxemi Redin gitarristaren proiektua. 2003an sortu zen, eta Micky abeslariaren ahotsak indarra ematen dio taldeari, beraien ahots gozo eta indartsuari kontrajarrita. Bestetik, Def Con Dos talde mitikoa izango dugu berriro gure artean. Azkenik, eta gauari bukaera ederra emateko, Esne Beltza taldea igoko da taula gainera. Fermin Muguruza, Etzakit edota Joxe Ripiau taldeetan ibilitako musikariek abian jarritako proiektu horrek jendea dantzan jarriko du, duda barik.

AURTEN ESERITA

Beste edizioetan ez bezala, aurtengoan Gazte Eguneko bazkaria mahaira jarrita egingo dute. Eguerdian, 14.30etik aurrera, pasta entsalada eta solomoa piperrekin jateko aukera izango du nahi duenak.

MUSIKA JAIALDIA

Hori Bai! gaztetxeko kideek urtero musika proposamen sendoa egiten dute Gazte Egunerako. Aurten Esne Beltza, No Relax eta Def Con Dos taldeen kontzertuak iragarri dituzte gauerako, 12.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo