Euskal zirkuak bere lekua merezi duela aldarrikatzeko jaio da Zirkukurusta jaialdia
Sopelako herriak Zirkukurusta Zirku Jaialdi jaioberria jasotzeko ohorea izango du asteburu honetan. Euskal Herrian zirkuak behar duen lekua eskatzeko bultzatu dutenez, Bizkaiko herria hiru egunez tailerrez eta ikuskizunez beteko dute; beti ere ezinbesteko osagai batekin: zirkua.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Urteroko edozein urtarotan, han eta hemen aurrera eramaten diren ekimenei berrikusketa bat eman ondoren, zaila da ezer asmatzeke dela pentsatzea. Hala ere, Zirkukurusta jaialdiak erakutsi duen bezala, bide luzea geratzen da eraikitzeko, gutxienez, zirkuko munduan. Gloria Peon eta Elsa Pamparacuatro dira egitasmo honen bi arduradunak, Sopelako Udalarekin bat. «Beste lekuetan horrelako jaialdiak egiten zirela ikusi, eta hemendik horrelakorik ez zegoela ohartu ondoren, Sopelako Udalari proposatzea otu zitzaigun», azaldu du Gloria Peonek. Katalunia aldean egiten diren beste jaialdi batzuekin loturarik badutela onartu arren, kopia bat ez dela argi utzi du antolatzaileak.
Hitzordu hau izaera apalarekin jaio dela esan du Peonek, asteburu bakarrean burutuko baita. Horretarako, tailerrak, kalejirak eta ikuskizunak eskainiko dituzte Sopelan, beti ere zirkuarekin lotuta. Hasteko, Koblakari taldeak Kalejira baten bidez emango dio hasiera gaur arratsaldean Zirkukurustari. Ondoren, tailerrak egingo dira Udaletxe plazan eta gauean Euskal Herriko hainbat zirku eskolatako ikasleek «Cabaret» ikuskizun amateurra emango dute.
Biharko jardunaldian, bestalde, goizean zehar tailerrak egingo dituzte, eta, geroago, Azulkilla taldeak «Encubando la luna» antzezlana eskainiko du. Arratsalde aldean, Chimichurri taldearen «Tres Delicias» akrobazia, oreka eta bihurrikatzeen ikuskizuna egingo dute, eta inprobisazioa eta arlo komikoa uztartzen dituen Loco Brusca-ren «Sperman» ikusteko aukera egongo da. Gauean, Zirko Kabaret profesionala egingo dute udaletxe parean kokatuko den karpan, ikus-entzule helduak erakartzeko intentzioarekin. Igandean, azkenik, joko malabarak eta oreka nahasten dituen Regue taldearen «El mas revuelto» izango da ikusgai, eta «Mas gorditos que nunca» antzezlan komikoaren emanaldiarekin amaituko da jaialdia.
Gloria Peon arduradunak azaldu duenaren arabera, taldeak eta ikuskizunak aukeratzeko unean, aniztasuna jarri dute azken buruko helburu gisa. Beraz, mota guztietako adierazpenak sartu dituzte, hala nola akrobaziak, aireko ikuskizunak, oreka saioak. «Azkenean norberak gehien atsegin duena esan ahal izatea gustatuko litzaiguke», esan du. Mota guztietako lanak sartzearen ondorioz publiko desberdin ugari biltzea espero dute, gehienbat, aldarrikatu nahi baitute zirkua ez dela soilik umeen gauza.
Asteburu hau nola doan ikusi ondoren erabakiko dute bigarren edizio bat egingo ote duten. Izan ere, hori da asmoa, antolatzaileek zirkuak izan be- harko lukeen lekuaren garrantzia erakutsi nahi dute-eta. Taldeak badaudela azaldu du Peonek, eta horregatik ahaleginak egin nahi dituzte zirkuan aritu nahi duen inor Euskal Herritik kanpo joatera behartua izan ez dadin. Bide horretan lehenengo pausoa litzateke Zirkukurusta.
Jaialdiaren arduraduna den Gloria Peonek azaldu duenaren arabera, helburu sendo bat erakutsi nahi dute: zirkua ez dela umeen gauza. Hortaz, helduentzat aproposak diren ikuskizunak ere izango dira, esate baterako, gauez egingo diren kabaretak.
Lugar: Sopelan, herrian bertan.
Datak: Abuztuaren 1etik 3ra.
Antolatzaileak: Gloria Peon, Elsa Pamparacuatro eta Sopelako Udala.
Taldeak: Koblakari, Azulkilla, Loco Brusca, Chimichurri eta Cabaret de Circo Profesional.