Iñaki Soto Filosofian lizentziaduna
«Eskuzabaltasuna» da Hishâm-en esanahia
Lehengo batean nire lagun batek istripu etilikoa izan zuen. Gaua edaten eta dantzan pasa ondoren, etxera zihoala, gorputzak geratzeko agindu zion. Ahal izan zuen eran lurrean etzan zen, sasoia berreskuratzeko itxaropenez. Berak ere ez daki konortea galdu zuen edo, besterik gabe, gorputzak siesta eskatu ote zion; halakoetan, Ricco izan ezean, etxerako bidea etapatan egin behar baita. Laguna oso gaizki sentitu zen eta ordutik aurrerako guztiak hutsune sakon baten parte dira bere buruan.
Honaino, beste munduko ezer ere ez. Nori ez zaio halakorik gertatu? Behin, beste lagun batzuek, Opuseko ikaslea zen gizajo bati gainean zuen guztia lapurtu zioten antzeko egoera batean. Baina, tira, hori beste istorio bat da. Esan bezala, ezer berezirik ez. Baina nire laguna emakumezkoa da. Eta mundu petral honetan, gizarte zikin honetan, gizonezko mozkor bat izateak ekar dakizukeen ondorio latzena diru-zorroa galtzea da. Baina neska izatearen arriskuak orduan igartzen dira indar handienarekin.
Esnatu zenean, hotzez dardarka eta erabat tokiz kanpo, lagunak gizon gazte bat zuen alboan. Gazteak kamiseta utzi zion, animoak eman zizkion, altxatzen lagundu zuen eta, nola edo hala, etxera lagundu zuen. Izena eta telefonoa utzi zizkion: Hishâm (eskuzabaltasuna arabieraz). Hortik bi egunetara, sustoa eta ajea atzean utzi ondoren, lagunak Hishâmi deitu zion. Hishâm magrebtarra da eta Zarauzko kanpinetako batean bizi da. Iturgin gisa lanean dabil eta bertan ostatu hartzea alokairua ordaintzea baino merkeago ateratzen zaio.
Segurtasun ezaren harira telebistan agertzen den berri txar bakoitzeko nire lagunaren moduko hamaika istorio daudela uste dut. Lapurreta ideologikoa burutu zuten lagunak albo batera utzita, nire ezagunetatik gehienak egoera horretan dagoena lagunduko luketela edo gehienez ere berataz paso egingo zutela sinistu nahi dut. Baina horietatik oso gutxik uste dute arazo bat izanez gero, are gutxiago beren neskalagunak arazo bat izanez gero, salbatzailearen izena Hishâm izan daitekeenik. Askatasunaren bidean, behar duguna eskuzabaltasun gehiago eta eragindako beldur eta aurreiritzi gutxiago dira.