GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Idoiagabeitia Anakabe Mendexako alkate legitimoa

Mendexan urtebete salbuespen egoeran

Nortzuk dira EAJ-koak erabakitze eskubidea aldarrikatzeko, eurek Mendexan eta Ondarroan errespetatzen ez badute? EAJ-k ez dauka inolako sinesgarritasunik, ezta inolako koherentzia politikorik ere 270 bat etxe daude Mendexan eta orain beste 100 egin nahi dituzte. Zer da hau, herritarren eskubideak defendatzeko modua edo izugarrizko negozio espekulatiboa?

Urtebete pasa berri da udal gestorak mendexarron hitza baztertu eta Mendexako Udala indarrez okupatu zuenetik. Ordutik Mendexan salbuespen egoera gori-gorian bizitzea tokatu zaigu. Herritarren gehiengoa boto eskubiderik gabe, erabakitzeko eskubiderik gabe, udaletxea herritarrari itxita, erabakiak Bilbon hartzen, pleno itxiak, eta gainera bide errepresiboa herritarrak isilarazteko, isunak, zitazioak, jarraitzeak...

Udal hauteskundetan herriak alkatetza ANVri eman zion arren, urtebete eta gero EAJ-ko kolpistek eta Mendexako Uri Buru Batzarreko EAJ-koek herriaren hitza errespetatu gabe jarraitzen dute.

Frankoren garaian bezala, EAJ-ko buruzagitzak atzaparrez aukeratu zituen gure herriko gestorako kolpistak. Zero boz jaso zituzten kolpista hauek urtebeteren ostean oraindik ez dute herrian lurrik hartu. Ez zituen ez herriak aukeratu ez onartu. Herritarren hitzaren eta erabakiaren gainetik herriko udala EAJ-ko buruzagitzako kideek Ertzaintzaren babespean okupatu zuten.

Orain berriz, PNV-ko buruzagitzak herri kontsulta eta herriaren erabakitze eskubidea errespetatzeko eskatzen dio Gobernu espainolari. Orain urtebete aukera ederra izan zuen mendexarren hitza errespetatzeko eta Udala herritarren borondatearen arabera osatzeko. Baina ez zuen horrelakorik egin. Orduan nortzuk dira EAJ-koak erabakitze eskubidea aldarrikatzeko, eurek Mendexan eta Ondarroan errespetatzen ez badute? EAJ-k ez dauka inolako sinesgarritasunik, ez eta inolako koherentzia politikorik ere, beti bezala, bere interes propioen arabera euskal gizartearekin jolasten ari da-eta.

Orain urtebeteko hemerotekak begiratu ondoren, Josune Ariztondok (Ondarroako udal gestorako kidea) hau zioen: «Ondarroak eta Mendexak ezin dute gehiago itxaron, eta ezin dira horrelako aginte gabeko egoera batean bizi, horregatik hau izan da gure alternatiba».

Lapurrek bezala, orduan ere, EAJ-k gezurra saldu nahi izan zigun mendexarroi eta hori horrela ez dela frogatzeko Elduainen urtarril honetan gertatutakoa da adibiderik onena, Gipuzkoako Foru Aldundiak herriaren borondatea errespetatuz osatu baitzuen Elduaingo udal gestora. Beraz, ez dagozkien karguak hartu ez balituzte, Mendexako eta Ondarroako udal gestorak herriaren borondatea errespetatuz osa zitezkeen. EAJ-k momentu hartan Alderdien Legeaz baliatuz herriaren hitza zapaldu eta bere eredu politikoa inposatu besterik ez zuen nahi.

Orain orduan egindako errua diruz eta herrian inoiz eman diren makroproiektu handienak bultzatuz konpondu nahi dute. Azken urteotako aurrekonturik handiena onartu dute, eta herriak inoiz izan duen hazkunderik handiena izango litzatekeen 100 etxebizitzako urbanizazioari argi berdea eman diote. 270 bat etxe daude Mendexan eta orain beste 100 egin nahi dituzte. Zer da hau, herritarren eskubideak defendatzeko modua edo izugarrizko negozio espekulatiboa?

EAJ-ko kolpistek astean ordu bi lan eginez kudeatzen dute gure herriko udala. Herritarrentzat udala erabat itxita mantentzen dute. Erabakiak isilpean hartzen dituzte, eta udal bilkurak Bilbon, isilpean eta ateak itxita egiten dituzte. Hau al da Udala kudeatzeko EAJ-koen era demokratikoa?

Udala okupatu eta batzoki bihurtu dute. Udala ez da batzokia, Udala herriarena da.

Egoera honi irtenbide bat bilatu nahirik, eta ziur gaudelako mendexarron artean berba eginda konpondu behar dugula, Mendexako hautetsi independentista legitimook Mendexako EAJ-ko Uri Batzarrarekin biltzeko hainbat ahalegin egin ditugu. Orain artean ez da erantzunik egon edo erantzuna ezezkoa izan da. Eta ez dugu ulertzen jarrera horren zergatia. Mendexako EAJ-k bat egin du inposatutako udal gestorarekin elkarrekin lankidetzan dabiltzalarik.

Hasiera batean, beraien dimisio eta jarrerarekin udal inposatu baten aurka zeudela erakutsi zuten, baina orain berriz hartu duten jarrerarekin herri honen gehiengoaren nahiari lepoa ematen ari dira. Finean, gestorako buruzagiekin bat egin dute eta horrek herriarenganako daukaten izugarrizko errespetu falta erakusten du.

Mendexako hautetsi independentista legitimook lanean diraugu jo eta su, eta salbuespen egoera honi irtenbidea emateko aukerak badaudela uste dugu. Horretarako, EAJ-k bere borondatea erakutsi behar du, guk ateak zabalik ditugu, beraiek, aldiz, itxita.

Hemen azaldu dugun guztiaren ondorioz, Mendexa aurrera eta ANV udaletxera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo