Sonia Gonzalez Idazlea
Mendexa kateatuta
Niri gehien gustatu zaidana etxeetara bidali zuten propaganda da: «Konstruktoreak herriaren onurarako egiten du lan» , benetan ONG ederra da bikotea... promotorea eta alderdia. Hain bikote ona osatzen dute biek, ezen baliteke Udalean egindako alegazio guztiei promotoreak berak erantzutea
Ez dira asko San Pedro ad vincula, hau da, San Pedro kateatua, ospatzen duten herriak. Herodes Agripak, Herodes famatuaren lobak, San Pedro kartzelatu eta kateekin lotu ei zuen ziegan. Hantxe agertu zitzaion aingerua eta, segidan altxatzeko esanda, Pedroren kate guztiak askatu ei ziren. Hiriko ateetara arte gidatu zuen aingeruak eta ateak ere bakar bakarrik zabaldu ziren. Hauxe da San Pedro kateatuaren istorioa.
Abuztuaren 1ean ospatzen da eta, esan bezala, ez dira asko ospatzen duten herriak. Horietako bat Mendexa dugu, eta esan beharra dago santu hau ez doakiola batere txarto Mendexari, batez ere orain, herriaren gobernua herritarrei bahitu eta ostu zietenetik urtebete pasa denean.
Aste honetan bertan komunikabide aurrera irten da Ortuzar alderdiaren «balantze positiboa» egiteko. Sabin Etxetik bota ahal diren gezur guztiek ez dute ardura, azken batez hauteskunde autonomikoak baitira jomuga aspalditik, eta horiei begira jolastea delako euren ardura bakarra.
Balantze positiboa egin du PNVk, beraz, eta dudarik ere ez daukat eurentzat horrela izan dela. Izan ere, herri guztietan eta erakunde guztietan egiten duten legez, alderdi honen balorazioak azpiegituretan gastatutako dirua baino ez du kontuan hartzen. Asko eraiki badugu, seinalea herria ondo dabilela, gutxi eraiki badugu, eraikuntzan diru gehiago gastatu behar. Besterik ez da sartzen hauen eskemetan. Porlana eta adreilua edonon.
Mendexan ehun «etxebizitza» berri egiteko asmoa daukate eta herrian 400 biztanle baino ez direla kontuan hartuta, berbak soberan daude. Horregatik, «operazio» hau edonorentzat benetan lotsagarria eta begien bistakoa izango zela jakinda, aurpegia zuritzeko ahaleginak ere egin dituzte. Alde batetik, promotoreak zenbait «dotazio» egin behar dituela prezio tasatua izango duten etxe batzuetako beheko partean eta, bestetik, futbito kantxa bat eta zabu batzuk ipini behar dituela. Ondo merke izango zaio egingo duen dirutzaren truke! Hala ere, niri gehien gustatu zitzaidana etxeetara bidali zuten propaganda izan zen: «Konstruktoreak herriaren onurarako egiten du lan» (buruz ari naiz), benetan da ONG ederra promotore eta alderdi bikotea... Hain bikote ona osatzen dute biek, ezen baliteke Udalean egindako alegazio guztiei promotoreak berak erantzutea, jo kontuak.
Kontuak kontu, Mendexa txaletez beteko da goitik behera laster batean, menditik itsasora begira, jadanik turismora salduta guztiz dagoen Lekeitiotik pare bat kilometrotara. Eta, hala ere, lotsa barik esaten dute gazteengan pentsatu dutela. Ez gazteek ez hain gazteak ez garenok ere... ez babes ofizialik, ez alokairurik, eraiki eta saldu, irabazi eta irabazi. Zer etorriko da gero? Golf zelaia? Eskerrak probalekua bere tokian utziko duten, oraingoz behintzat.
1,2 milioi euroko aurrekontua eta batek daki norentzat. Entzun beharko da, gainera, jaiak antolatzeko ez dagoela diru gehiagorik. Edozelan ere, festetan gaude, giroa egon badago, eta dena antolatu duen, parte hartzen eta lan egiten duen herriari esker, lau egunetan ondo baino hobeto pasatuko dugu. Hala eta guztiz ere, ezin ahaztu inongo aingerutxorik ez dela etorriko gu interesatu horien kate zikinetatik askatzera.