GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Bataio-harrien kontuak

Aspaldion arreta gehiagoz erreparatzen diot egunkariko bazterretan agertzen denari erdi- erdikoari baino; letra txikerra irakurtzen dut han, letra larriak baino ez hemen. Horra aste honetan bazterrean topatua: Aita santuak apaiz estatusa kenduko dio Paraguaiko presidente kargua egunotan hartzeko denari, lurtarren gauzetan aritu aurretik apezpiku modura ibili zelako zerutarren gauzetan aditu. Arren, faborez, mesedez, otoi!, kendu diezadala Vatikanoko maizterrak kristau estatusa, noizbehinkako elizmutila izan nintzen honi. Eta, bide batez, estatusa bera ere kenduta estatua ematen badit, primeran baino hobeto. A! eta bueltatu diezaiola Arratia ibaiari bataiarrian nire gainean bota zuten ur-olde hura. Ama, ama! Sikiera goretexezko oihaletan bildua harriratu izan banindute! Baina ez, eta bataio egunean izan nuen nik lehendabiziko bataila; esan gabe doa galdu egin nuela, gerora jauna ere hartzera heldu nintzen eta, baina hortik aurrera nahiko irabazita daukat bataila, estatusa kentzea baino ez zait falta. Eta bueltatzen hasita, itzul diezaiotela harria ume gizajoak uraren akuiluaz kristau bidean sartzeko bera atera zuten mendiari, horretarako harrobiak harriz bete eta sateliteko argazkiak gaurkotu behar badituzte ere. Zer sakramentu eta sakramentu oste! Sakramentuak bai, jakina, indabetan!

Hala ere, onartu behar dut, kanpoko erreferentziez beti ere, gauza batzuk aldatu egin direla, bataioak bere horretan dirauen arren. Amen. Orain umeak harriratzean oihaletan propaganda agertzea ondo ikusita dago, bestelako erlijioena bada ere. Azken boladan horretan gehien nabarmendu dena Muskizko birfindegi ezaguna izan da, bere aitabitxi berriaren berbetan modu asko izan baitira herria egiteko. Tira, harria egiteko modu bakarra dago, harrobia, xamana eta guzti. Harrira!, barkatu, harira! Komunioko forma sakratuetan ere bada propaganda agertzekoa epe motzean, eta iturri fidagarrien arabera, kontsulta-legearena izango da hor agertzen lehena, horretarako formaren tamaina egokitu beharko bada ere, beheko Estatuak, formen eskumena duena, iragarki-hesietarako jarritako arauak betetze aldera. Ostia! Eta aldaketekin jarraituz, bero sapako udetan kostaz barnealdeko elizetako bataiarrietan urarekin batera harea ere botatzea onartzear dauka Vatikanoak, umeak egun pasan joan daitezen, pala eta baldea. Amenaren izenean beti ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo