Julen MURGOITIO
Behin batean Loiolan...
Abuztuko sugea izan daiteke, baina kontsultaren kontuak hortxe dirau, ustezko albiste, egunerokoan. Sugea baino sugandila, seguruenik, apustu horren tamaina igarrita. Ajuria Eneako maizterraren itxaropena bai zabala gero! Konstituzionalak azkenean arrazoia emango diolakoan! Gauzak horrela, esperantzaren telefonoa Enea horretara desbideratzekotan dira egunotan, lau zentimo minutuko beti ere. Arrazoia eman? Bai zera, Vatikanoko plazako balkoian aita santu marxista leninista bat swahili hutsean egiten ikusiko dugu lehenago arrazoi emate hori baino. Edo Kuba NATOn. Azken finean, konstituzionalistek «aurrera bolie» bere hartu dute, bere hizkuntza eta moduan hartu ere, jakina; eta bere bola, noski, konstituzio zer horrena; bola izan edo mataza izan, eurena. Bola-bide hori zelan saihestu ez dute oraindik argitu hango epailen erabakiak hemen, joko-arauak joko-arau, errespetatu behar direla esaten duten malabarista politikoek; eurek jakingo balute, sikiera! Malabarista guztiak zirkoan ez diren seinale. Badaezpada ere, saihesbideak egin nahi dituzte herri guztietan, hauteskundeen aurretik zerbait saihestu ahal izateko behinik behin. Abuztua irailaren harrera bideratzen dagoen honetan ugaldu egin dira batzuen diskurtsoak eta hitz lainotuen artetik zer edo zer igarri lezake igarle den batek gerora begira. Europara joko omen dute kontsulta horren defendatzaileek beheko estatu horren jokaera salatzeko. Azkenik! Argitu da alternatiba zein zuten! Europa! Ene, ene, zama horretarako ez ziren horrelako kartolak behar! Tira, bada uda honetan Ajuria Eneako maizterra Fatimarako bidean erromes ikusi duenik; hortxe bere orain arteko itxaropen iturria, seguruenik. Baina hori nahikoa izan ez delakoan, Europara jotzea deliberatu dute hirukoek, eta enparauak benetako Europara beti ere: Lourdesera! Eta bada harako bidea belauniko eta belaunetan garbantzuak ipinita egingo dutela pentsatzen duenik ere. Kapaz! Eta seguru Biriatuko ordainlekuan ilarak topatuko dituztela. Edonora Loiolara bueltatzea baino, hori ez baita arrazoia eman behar digun Europa horretan. Amen. Behin batean Loiolan erromeria zan..., zioen kantak, eta jelkideen ustean horrela utzi behar da Loiola, erromerietarako; erromesaldi politikorako, ostera, Europara! Ama-birjinen biodibertsitatea, seguruenik.