GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

BERRIA Koldo Aldabe 2008/8/21

Desjabetzeen hipokrisia

Hugo Chavezek Mendebaldeko potentziak haserrarazteko duen gaitasuna ez da txikia; azken aldian, petrolio, eraikuntza eta bankuen multinazionalen aurka ekindako politika da haserre guztien iturburu. Venezuelako lehendakariak herrialdearen interesak zaintzen ez dituela ezin esan ordea. Multinazionalei egindako desjabetzeek onurak ekarriko dizkio Estatuko altxortegiari, eta nazionalizazioei esker multinazionalen poltsikoetatik behar sozialetara igaroko dira txanponak. Noski, multinazionalen irabaziak murriztu egiten dira, eta multinazional haien mesedetan diharduten gobernuen sarrerak ere bai. Chavezek agindutako azken desjabetzeak Mexikoko Cemex porlan-multinazionalari eragin dio. Nazioarteko erreakzioak berehala iritsi dira (...).

Baina, hara hor, Cemexen Venezuelako zementu-fabriken nazionalizazioaren biharamunean, Erresuma Batuko Gobernuak Espainiako Ferrovial multinazionalaren esku dauden zazpi aireportu britainiarretatik hiru jabetzaz aldatzeko agindua eman duen. Ez, ez ditu nazionalizatuko, baina ondorioa bera izango da multinazionalarentzat, hiru aireportu gutxiago izango ditu, saltzera behartu baitute. Beste eskala batean izan arren, lur desjabetze erraldoiak bizitzen ari gara Euskal Herrian, Euskal Y-ren eraikuntza dela eta, eta Ibarretxeren -eta Zapateroren- eta Chavezen artean arrakala handia dago ideologikoki: Chavezek multinazionalak desjabetzen ditu, onurak herritarrengana irits daitezen. Ibarretxek -eta Zapaterok- herritarrei lurrak desjabetzen dizkiete, onurak gutxi batzuengana iristeko.

Baina deabrua Venezuelako lehendakaria da, ez Gordon Brown -ez Ibarretxe, ez Zapatero-. Konparatzerik ere ba al dago bada, britainiar demokrazia eta Venezuelakoa? Nola konparatu; ezinezkoa. Venezuelan, gustatu edo ez, Chavez lehendakari da gehiengo absolutuz aukeratua. Erresuma Batuan, aldiz, gustatu edo ez, herentziazko monarkia bat daukate, eta egungo lehen ministroa ez zuten britainiarrek aukeratu. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo