Suziria jaurti, eta ostegunera arte jai giroa nagusituko da Lakuntzan
Agorrilaren amaierarekin batera, jai giroa Lakuntzako herriaz jabetuko da, eta, sei egunez, ondo pasatzeko aukera besterik ez da izango Sakanako herri honetan. Atzo jaurti zuten festei hasiera emateko suziria, eta, errepresaliatuak gogoan, topa egin eta bazkaria izan zuten. Kirola eta dantza ikuskizunak izan ziren nagusi arratsaldean; gau partean, berriz, lakuntzar oro dantzan jarri zuen erromeria. Gaurkoa ere aparteko eguna izango da bertako eta kanpokoentzat.
GARA |
Abian dira jada Lakuntzako jaiak. Eguerdian, ezkilak euskal presoen eskubideen alde errepikan ohartarazi zituen lakuntzarrak jaien hasieraz. Ordu erdi geroago, festak hasteko suziria jaurti, eta jai giroa nagusitu zen Nafarroako herri honetan.
Atzo hasita, ostegunera arte iraungo dute jaiak lakuntzar eta bisitarien zorionerako, eta edukiz betetako jai egitaraua izango dute bost egunotan.
Larunbata heltzearekin abiatu dira, beraz, jaiak, eta lehen unetik bertatik gogoan izan zituzten parrandan eurekin egon ezin diren euskal preso eta iheslariak. Horien omenez, gainera, topa egin zuten Haizea elkartean jaiak hasi bezain laster. Tragoa hartu, eta hasiera polita emateko asmoz, mahai ingurura bilduz bapo bazkaldu zuen lakuntzar andanak errepresaliatuen aldeko herri bazkarian.
Arratsaldea kirolari eskaini, zioten eta izerdia botatzeko aukera apartak izan zituzten herrian barrena, futbol torneoa, pilota partidak edota Iru Mendi torneoa izan baitzituzten.
Elai Alai eta Galtz-Horratz taldeetako kideak ere ederki izerditu ziren, lakuntzar ugariren aurrean beren dantza ikuskizuna egin bitartean, auzatea baino lehen. Ondoren, han ikasitako dantzak praktikan jarriz edo behintzat saiatuz, ibili ziren festazaleak Beste Bat taldeak eskainitako erromerian.
Eguzkia sartzean, zezensuzkoak argitu zituen Lakuntzako kaleak, herriko haurren atzetik arineketan. Zezensuzkoaren txinparta itzaltzean, Beste Bat taldearen emanaldia izan zen berriro ere, 03:30ak bitartean.
Jaietako lehenengo eguna zenez, asko izan ziren egitarauari motz iritziz goizeko ordu txikiak arte parranda luzatu zutenak, batzuek, seguru, Berriozargo gaitariekin hartu dutela etxerako bidea. Horiek dira, izan ere, gaurko egunari hasiera ematen goiztiarrenak.
Arin-arin eta fandangoaz gainera, badira ikusgarriak diren beste hamaika dantza, eta horren lekuko, gaur, Lakuntzan bertan, 13.30etik aurrera, plazan izango den emanaldia: Chamuyo taldearen eskutik, musika eta dantza argentinarra. Arratsalde partean, aldiz, astoek izango dute protagonismoa, `La Borricada' asto lasterketa eta haurrentzako txangoak eskainiz.
«Mihiluze» plazan bertan
Lakuntzarrek hizkuntzarekin duten abilezia praktikan jartzeko aukera izango dute 19.30etik aurrera «Mihiluze» txapelketa egingo baitute plazan. Beren berba jarioa eta SMSak deszifratzeko trebezia erakutsiz, barre algarak eragingo dituzte ikusleen artean.
Parrandan ibili arren, konpromiso eta aldarrikapenerako tartea hartuko dute herritarrek eta 20.30ean manifestazioan abiatuko dira Lakuntzan barrena. «Salbuespen egoerari stop, Euskal Herriak autodeterminazioa» izango da manifestazioaren goiburua eta herritarrez gain, Etxarri Aranazko joaldunak ere bertan izango dira.
Gorputza mugitzeko beta ere hartuko dute gau partean dantzaldia izango baita gaur ere herriko plazan, Nexo taldearen eskutik.
Aste osoan izango da festa giroa Sakana aldean. Bihar, esaterako, Haurren Eguna ospatuko dute. Eskulan tailerrak, puzgarriak, erraldoi eta buruhandien konpartsak, Txan magoaren emanaldia izango dira, besteak beste, haurren entretenigarri. Haurrentzako merienda ere izango da plazan.
Sahieskia jana eta erromeria
Asteartean, Attun-Amiñen Eguna ospatuko dute. Eguerdian, erretiratuen omenezko meza nagusia izango da. Ondoren, Kalba jolasa egingo dute, eta hamaiketakoa eskaini ere bai, Gure Nahia elkarteak antolatuta. Gero, 13:30ean, koktel latinoa izango da Aittun-Amiñen bazkaria aurretik. Bazkalostean, txu-txu trena izango dute eta beren artista sena erakusteko play-back txapelketa.
Egunari amaiera emateko Haizea elkarteak saiheski jatea antolatu du, Euskal Herriaren aldeko saiheski jatea. Gero, Tximeleta taldearen erromeria izango dute herriko zaharrenek.
Asteazkenean dianek esnatuko dituzte Lakuntzako loti ederrak, beste jai egun bat hastear dagoela ohartarazteko. Emakumeen egun handia da, eta eurentzat prestatutako herri bazkaria izango dute. Eguerdian Andoni Egañaren eta Sebastian Lizasoren errimak jaien piper eta gatza bilakatuko dira.
Arratsaldean aldiz, adin guztiei begira prestatutako jokoak izango dira, baina ez dira nolanahikoak izango, joko ekologikoak baizik. Kale antzerkiak ere bere txokoa aurkitu du jai egitarauan eta asteazken arratsaldean Aterpea antzerki taldeak bere ikuskizuna eskainiko du.
Azkena, gazteena
Ostegunean, jaiei amaiera eman aurretik, gazteek bere eguna ospatuko dute. Egun handia igarotzeko aukera izango dute: Xabier Silveira eta Nagore Lagoma bertsolariekin bapo bazkaldu, eta gau partean, Kaleginez, Arima Sutan eta Vendetta musika taldeen eskutik kontzertuak izango dituzte.
Atzo abiatu eta ostegunera bitarte, beraz, ez da atsedenik izango Sakana aldean, jai giroan murgiltzeko hamaika aukera dituen egitarau honekin.
Jai hauek egia bilakatzeko urte osoan zehar lanean dihardutenak asko dira. Hain zuzen ere, hauek dira jai batzordeko partaideak: erraldoi eta buruhandi konpartsa, Bil-toki, Lagun elkartea, futbol taldea, Ehiztariak, Zabalarte, Elai Alai, dantza taldea, ikastola, eskola, Gure nahia, Haizea, Lakuntzako Pertza, Aralar, txirrindulari taldea, Lakuntzako abesbatza eta Udala.
Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua Hamar lerroko testua
abuztuak 24
11:30 Dianak 13:30 CHAMUYO musika argentinarra eta dantzak 17:00 «LA BORRICADA» Asto lasterketak eta haurrentzako paseoak 19:30 Mihiluze txapelketa 20:30 Manifestazioa, «Salbuespen egoerari stop, Euskal Herriak autodeterminazioa». 20:00 Dantzaldia 22:00 Zezensuzkoa
abuztuak 25 11:00 Puzgarriak 12:30 Erraldoi eta buruhandien konpartsa 13:30 Txan Magoa 19:00 Zinen jolasa 20:00 Auzatea eta dantzaldia 22:00 Zezensuzkoa
abuztuak 26
11:00 Txu-txu trena
12:30 Kalba jolasa
13:30 Musika: Coctel latino
14:30 Attun-amiñendako bazkaria
19:00 PLAY BACK txapelketa
20:00 Dantzaldia
22:00 Aurrera Euskal Herria! Saiheski jatea
abuztuak 27
13:00 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak
14:30 Emakumeen bazkaria
18:00 Joko ekologikoak
19:00 Kale antzerkia
20:00 Auzatea eta dantzaldia
22:00 Zezensuzkoa
abuztuak 28
12:30 Trikitilariak 13:00 Hamaiketakoa 14:30 Bertso bazkaria Xabier Silveira eta Erika Lagoma bertsolariekin. Ondoren piropo txapelketa 17:00 «Cacharros a Gogo'' jolasak 19:30 Iskidi joaldun eta pertsonaia mitologikoen taldearekin kalejira 20:00 Auzatea 22:00 Zezensuzkoa 23:30 Kontzertuak, Kaleginez, Arima Sutan eta Vendetta taldeen eskutik.