GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Oiartzundik abiatuta, mendi martxa egingo dute gazte independentistek hilak 29an

Euskal Herria nazio gisa marrazteko helburuarekin, zatiketa inposatuak eragindako «barne mugak» salatuko dituzte gazte independentistek aurten, Oarsoaldean urtero egiten duten mendi martxan.

p018_f02.jpg

Gari MUJIKA |

Urtero legez, abuztuko azken egunetan, Estatu espainolak eta frantsesak ezarritako barne zein kanpo mugak salatuz eta Euskal Herria nazio gisa marraztuz, gazte independentistak mendi martxan izango dira datorren asteburuan. Hilaren 29an Oiartzundik hasita, Goizueta eta Hernani lotuko dituen hiru eguneko ibilaldia antolatu dute. Gazte guztiei egin diete bertan parte hartzeko gonbita.

Oiartzungo plazan egindako prentsa agerraldian azaldu zutenez, «Muga inposatuei aurre eginez... herri berri bat piztera goaz!» lemarekin egingo dute ostiralean hasi eta hiru egunetan zehar Gipuzkoa eta Nafarroa elkartuko dituen mendi ibilaldia. Gainera, hainbat ekimen ere antolatu dituzte egun horietarako; hala nola hitzaldiak, jolasak, kantaldiak edota, azken egunean, Hernanin egingo duten bazkaria eta ekitaldia.

«Muga inposatuak gainditu»

«Marko administratibo zatitzaile hau ez da euskal herritarren borondatez aukeratua izan, konstituzio espainolak eta frantsesak inposatu egin dute», salatu zuten gazte independentistek Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa dela aldarrikatuz.

Estatuen estrategia zatikatzaile horretan «indar erregionalisten» lanak ezinbestekoak izan direla gogorarazi zuten, eta ildo horretan EAJren ekimen politikoa deitoratu zuten bereziki, «Madrilgo eta Pariseko gobernuek ematen dizkieten ogi apurrekin» nahikoa baitute. «Boterea duten lurralde zatiaren kudeaketa eskuetan duten bitartean beren negozio zikinak aurrera eramateko arazorik eta mugarik ez dute», gaineratu zuten.

Egoera honen aurrean, euskal gazteriak, ordea, marko zatitzailea salatu, eta deuseztatzeko prestasuna eta borondate osoa duela aldarrikatu zuten Oiartzunen, baita berretsi ere, «muga inposatu hauek gainditu eta Euskal Herria irudikatzen jarraitzeko asmoa» dutela.

Horixe izango da ostiralean Oiartzunen hasi, larunbatean Goizuetara igaro eta igandean Hernanin amaituko den mendi martxaren xedea: «Gure herria zatikatzen duten muga administratibo inposatuei muzin egin eta nazio gisa aldarrikatu». Euskal gazte guztiak gonbidatu dituzte: ostiralean, 19.30ean, Oiartzunen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo