GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

FÚTBOLA Atenaseko tituluari eutsi diote

Labean landutako urrezko domina Argentinarentzat

Nigeria gehiago izan zen arren, Di Mariak lortutako gol ikusgarriak eman zien garaipena. Beroak eraginda, partida birritan gelditu behar izan zuen epaileak.

pj07_f01_777x777.jpg

NIGERIA 0

ARGENTINA 1

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Erruz izerditu behar izan zuen Leo Messiren Argentinak Atenasen lortutako urreari eusteko, eta ez bakarrik Beijingen egiten zuen bero itzelagatik -epaileak bi aldiz eten behar izan zuen partida jokalariek ura edan zezaten-, baizik eta Nigeriak euren arean sartuta izan zituelako. Dena dela, joko baino ofizio gehiagorekin, hegoamerikarrek irabazi zuten 57. minutuan Di Mariak baloia atezainaren gainetik loratuz egindako gol ikusgarriari esker.

Ronaldinhoren Brasil finalerdietan barregarri utzi eta gero, ez zen ez atzokoa izan Argentinak Jokoetan egindako partidarik onena, eta, egia esateko, Benfikako jokalariak sartutako gola izan zen taldeak finalean egin zuen gauzarik esanguratsuena.

Oso aspergarria izan zen lehen zatia. Aurrean erreferentzi garbi baten faltan -Agüero ez da aurrelari peto-petoa-, Argentinak, zorte handirik gabe, behin eta berriro bilatu zuen Messik nigeriarren lerro artean hutsuneren bat topatzea. Nigeriarren artean, Obinnari ere asko kosta zitzaion jokoan sartzea.

Lehen zatiko aukerarik argienak atsedenaldirako gutxi falta zenean heldu ziren. Nigeriarren aldetik Promisse Isaacek ez zuen asmatu eskuinetik etorri zitzaion baloia sarera bidaltzeko, eta argentinarren kasuan, Di Mariaren jaurtiketari bikain erantzun zion Vanzenkinek.

Bigarren zatian Nigeriak askoz ere indartsuagoa zirudien. Argentinarrak ikaragarri ari ziren sufritzen eta Lionel Messik zer sortuko zain pasa zituzten minutu asko. Joko Olinpikoetan egotea kosta zitzaionarekin, Bartzelonako izarrak ez zuen huts egin eta 57. minutuan sekulako pasea egin zion Di Mariari baloia zelai erdian ostu ondoren, eta Benfikako erdilariak bukaera are eta ederragoa eman zion baloia loratuz. Kolpea ondo jaso zuten afrikarrek eta partidari buelta emateko moduko aukerak izan zituzten, baina ez zuten asmatu eta argentinarren ofizioa nagusitu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo