GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Mugikorrak eta kontrol soziala

Merkatua nagusi den mundu honetan ezer ez da doanekoa, dena diruz ordaintzen ez bada ere, ez diruz bakarrik behinik behin, Iratxe Esnaolak bere artikuluan dioenez; esate baterako, telefono mugikorra. Lehen esku bakan batzuetan zegoen teknologia hori denen eskura jarri dute, herritarren gaineko kontrol gero eta handiagoa izateko. Hartara, eta haren abaintailak ukatu gabe, telefono mugikorraren prezioa ez da hileko fakturara mugatzen, baizik eta askatasun pertsonalera ere zabaltzen da.

Ekonomia ardatz duen munduan deus ez da musu-truk. Guztia da zerbaiten truke. Guztiak du prezio bat. Baina prezio hori ez da beti dirutan neurtzen. Banketxeek kreditu txartelen eta kontu korronteen erosotasuna gure diruaren kontrolaren eta diruarekin egiten ditugun mugimenduen ezagupenaren truke saltzen digute. Posta elektroniko edo e-mailak distantziak lausotzen dizkigu, baina anonimotasun sentsazio faltsu baten ordainetan, gure komunikazio digital guztien kontrola ahalbidetzen du, ohiko postaz bidalitako gutun guztiak irekita bidaliko bagenitu bezala. Telefonia mugikorreko operadoreek ustezko askatasun eta segurtasuna gure kontrol sozialaren prezioan saltzen digute. Ekonomia ardatz duen munduan deus ez da musu-truk eta, horrexegatik, inoiz ez digute gure bizitza aldatzen duten eta hain erraz asimilatzen ditugun funtzionatzeko modu berri horien azken helburua deskribatuko. Hain justu horretarako sortzen baitituzte: herritarrongan askatasun kutsua duen errealitate faltsu bat sortuz beraien kontrola neurrigabe areagotzeko. Eta kontrol hori inon nabarmena bada, ia pertsona baino mugikor gehiago dagoen garai honetan da (Estatu espainiarrean, esaterako, 100 biztanleko 109,8 mugikor daude).

Vodafone, Movistar, Euskaltel, Orange eta gainerakoen iragarkietan ez digute inoiz honetaz guztiaz hitz egingo. Beraien hitzetan abantailak soilik entzungo ditugu. Beren iragarkien irudietan irribarreak ikusten ditugu eta irudi horietatik askatasun sentsazioak jasotzen ditugu. Ez digute, beraz, gailu elektroniko txiki hauen alderdi ilunez hitz egiten. Ez digute herritarrontzat hain eskuragarriak zergatik bilakatu dituzten adieraziko.

Baina... nola lortu ahalik eta kontrol sozialik pertsonalizatuena? Nola lortu herritar bakoitza kontrol horren oinarrizko elementu bilakatzea? Nola lortu herritar bakoitza, dagoen lekuan dagoela eta edozein unetan, lokalizatu ahal izatea? Bada, noski, pertsona bakoitzaren bizitzari uneoro sare bati edo gehiagori konektatua egongo den gailu elektroniko bat gehituz. Konektatua egoteak, nolabaiteko lotura suposatzen baitu. Eta lotura horrek, modu batean edo bestean, aske ez egotea esan nahi du, gailu hori eskuratu edo ez erabakitzeko aske izan arren. Horrexegatik dira egungo mugikorrak, sinpleak zein azken belaunaldikoak, ia edozein herritarrentzat hain eskuragarriak.

Lehen urratsa, duela ez urte asko gutxi batzuen eskuetan zeuden gailu elektroniko garesti haiek, herritar guztien eskuetara iristeko neurriak hartzea izan zen. Poltsikoan eramateko moduko mugikor txiki eta arinak sortu eta prezioak jaitsi zituzten. Hori horrela, guztiongana iritsi dira, eta kontrolatu nahi gaituztenen plazererako, telefono mugikorra leku guztietara gurekin eramaten dugu. Hau pagotxa!

Telefono mugikorrek, piztuta edo itzalita egon, seinaleak igortzen dituzte etengabe. Seinale horiek komunikazio sarea osatzen duten telefonia antenetara iristen dira. Beharrezkoa da, berez, antena hauek 360 gradutan emititzea, pertsona edozein norabidetara begira egon baitaiteke. Horren ordez ordea, 120 graduko sektoretan emititzen duten hiru antena erabiltzen dituzte (eraikitzeko errazagoak baitira). Telefono mugikorrak, uneoro, ahalik eta estaldura gehien izateko helburuarekin, ahalik eta antena gehiagotara konektatzen saiatzen dira. Horrela, momentu batean, telefono mugikor jakin bat zein antenatara konektatu den ezagututa, telefono mugikor horren eta, ondorioz, telefono mugikorraren jabearen kokapen geografiko ia zehatza eskura daiteke. Informazio hori lortzeko teknologia sofistikatua erabiltzea ezinbestekoa da, baina, ez izan zalantzarik, teknologia sofistikatu hori gobernu, inteligentzia agentzia eta informazio hau erabilgarria suerta dakioken edozein eragileren eskutan dago.

Hori horrela, gero eta antena gehiago instalatu, herritarrok, telefono mugikorrak eskaintzen digun ustezko askatasunaren izenean, are kokapen zehatzagoa ematen diegu. Goizean lanera Iruñera edo Baionara joan garen eta leku bakoitzean zenbat denbora egon garen jakin dezakete. Eta gurekin daudenek ere telefono mugikorra badute, norekin gauden, noiz elkartu garen eta noiz agurtu garen ere jakin dezakete. Kontrola erabatekoa da: pertsonala, kolektiboa, espaziala eta tenporala.

Telefono mugikorra poltsikoan izanez, kontrol horretatik ihes egiteko modu bakarra, bateria kentzea da. Bateria kentzen diogun unean soilik utziko dio seinaleak igortzeari eta, beraz, ez da inongo antenatara konektatuko. Bateria kentzen diogun unetik aurrera, gure kokapen geografikoa deskubriezina da, telefono mugikorrik gabe bizi ginen garaian bezalaxe.

Baina, zorionez edo tamalez, telefono mugikorrak gure bizitzeko moduaren parte aktibo bilakatu dira. Lehen inork gutxik idazten zuen telegraforik. Egun SMSak edo mezu motzak gure komunikazio askoren oinarria bilakatu dira. Lehen etxeko telefonotik lotzen genituen zitak, etxetik atera aurretik. Egun, hori ere egiten dugu, baina gauden lekuan gaudela zita berriak sortzen ditugu, edota betiko lekuetan aurkitzen ez ditugun lagunei deitzen diegu, non dauden jakin eta bertaratzeko. Lehen telefono mugikorrik gabe joaten ginen mendira. Egun, badaezpada, segurtasunaren zentzu berri bati erantzunez, badaezpada, beti eramaten dugu.

Telefono mugikorrak bizitzeko eta harremanak izateko modu berri bat ekarri du berarekin, bere alde positiboak badituena, noski. Baina kontrolatua egoteko modu berri bat ere bada, oso eraginkorra dena, zinez. Kontrol hori, gainera, kokapen geografikotik haratago, komunikazioen entzuketara ere areagotu daiteke, teknologia are sofistikatuagoa erabiltzen badute.

Telefono mugikorren prezioa, beraz, ez da hileko fakturara edo txartelean sartzen dugun diru kopurura mugatzen. Poltsikorako hain garestia iruditzen ez zaiguna edo ordaintzeko prest gaudena, izebergaren punta da soilik. Herritarroi, konturatu gabe bada ere, oso garesti ateratzen zaigu. Garesti pribatutasun, intimitate eta askatasun pertsonalean. Ez da telefono mugikorra leihotik bota behar, baina benetako prezioaz jabetu eta horren aurrean neurriak hartzea ezinbestekoa izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo