Paleolitikora hurbiltzeko asmoa du Ospitaleako «Aurinatarren aztarnen bidetik» erakusketak
Denboraren joanean, 35.000 urte atzera bidaiatzeko proposamena egiten du Irisarrin ikusgai den erakusketak Europa osoan bildutako aztarna arkeologikoen bidez, tartean baita Euskal Herrikoak ere.
Xabi HERNANDEZ | IRISARRI
Bidaia izan ohi da erakusketa bat definitzeko sarri erabiltzen den metafora. Eta, horixe da, hain justu, Irisarriko Ospitalea Ondarearen Zentroak egin duena; alegia, Historiaurrera gerturatzeko gonbita luzatu dio ikusleari. Iragan uztailetik aitzin jendaurrean ezarri dute Ospitalea zentroak Irisarrin duen egoitzan «Aurinatarren aztarnen bidetik» erakusketa. Helburua Goi Paleolito europarraren berri ematea da zehazki, hainbat herrialdeetako indusketetan aurkitutako aztarnen bitartez.
Ospitaleako arduradunentzat aztarna horiek «funtsezko» aieruak dira «iragana irudikatzeko» eta «Historiaurrea birsortzeko». Zeregin horretarako, Alemania, Italia edota Estatu frantseseko aztarnategietako eskultura zein irudien erreplikak bildu dituzte. Anartean, Euskal Herriko zokoetatik ateratakoak ere badira; nagusiki, Izturitzeko Otxozelaia harpeetatik eta Gotzarriatik.
Horietatik guztietatik lortutako aleak Goi Paleolitoko aurinaziar kulturan kokatu behar dira. Historiaurreko aro garrantzitsuenetakoa da hori euskal lurraldean. Izan ere, gurean diren aztarnategi gehienak garai horretakoak dira; Ekaingo koba, Abadiñoko Bolinkoba, Aitzbitarteko bost kobazuloak, edota arestian aipatutako biak. Ildo berean, aurinaziar kultura -Mendebaldeko Europan K.a. 38000 eta 28000 urteen artean garatu zena- mugarri inportantea izan zen Goi Paleolitikoaren barnean, materialen lanketari dagokionez batez ere. Tarte horretan, teknika berritzen hasi ziren heinean, material berriak jorratzen hasi ziren; besteak beste, zerbidoen adarrak, bolia edo hezurra.
Natura eta kultura
Erakusketan kultura aurinaziarraren garaian harrian, hezurrean eta adarrean gizakiak egindako tresnak aurkezten dira alde batetik, hala nola, txirulak, eskultura txikiak eta lanabesak (orratzak edo leungailuak, adibidez). Bestalde, kulturak behar duen lanketarako gaitasunari naturaren bat-batekotasuna nahiz zakartasuna kontrajartzen zaio erakusketako ibilbidean; horren adibide dira bere horretan ikus daitezkeen anima- lien burezurrak, maskorrak edo hortz-haginak.
Irudiak bigarren plano batean gelditzen dira, akaso. Hala ere, leizeetan aurkitutako irudien erreplikak egon badaude, animalienak batez ere. Nabarmentzen dutenez, eskulturen zein margoen gaietan maiz errepikatzen da felidoen errepresentazioa. Sasoiko gizakiek kobetako paretetan urratutako markak ere badira. Dena, urte bukaerara arte dago ikusgai.
Ospitaleako arduradunek Historiaurreari buruzko haurrentzako tailerrak eta bestelako animazioak ere antolatzen dituzte. Izan ere, Ospitalea zentroan bildutako ondarea guztiei hedatzea dute helburu.
Modu paraleloan, «Itxi begiak Historiaurrea ikusteko» erakusketa antolatu zuten joan den otsailean eta gaur arte dago zabalik. Esperimentazio sentsoriala ardatz hartuta, Mesolitikoko objektuen kopiak bidaiaren «lekuko» bihurtzen dira. «Itsutasunaren esperientzia» proposatzen dute, «irudikapenek, ezagutzak edota beldurrek» gidatutako ibilbidean.
X H.