GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Arartekoa: herriaren defendatzailea?

Nafarroako Arartekoaren web orritik kopiatzen dut: «Nafarroako Arartekoak Nafarroako administrazioaren eta toki entitateen jarduna gainbegiratzea du helburu, nafar herritarren eskubideak eta libertate publikoak babestu eta hobetze aldera». Duela egun batzuk Barañainen atxilotutako gazteen senideak nafar Arartekoarengana joan ziren laguntza eske. Erantzuna lotsagarria izan zen: ez zuen deus ere egin behar atxilotuen egoeraren berri izateko, ezta tratu txarrak ekiditeko ere, hori ez baitzen bere eginbeharra, bere ahalmenetik at zegoelako... Hori herritarren defentsa!

Epailearen aitzin deklaratu ondotik kartzelaratu dituzte bi gazteak, oso tortura gogorrak salatu dituztelarik. Zer eginen du orain Nafarroako Arartekoak? Dimisioa aurkeztuko du? Soldata kobratzeari utziko dio? Onartuko du hau dena iruzur handia dela eta hemen eskubideen bortxatzaile nagusia Estatua bera dela?

Ez, ez du horrelakorik eginen. Harro segituko du, lasai, zintzo-zintzo. Demokrata delako. Beste demokrata bat. Izan ere, demokratek badakite hemen tortura salaketak ETAren konsignaren ondorioak besterik ez direla. Badakite poliziek bermatzen dituztela atxilotuen eskubideak, eta inork ez duela behartuta deklaratzen, askatasun osoz baizik. Horregatik, demokratak ez dira filoetarren armiarma sarean erortzen. Horregatik, Nafarroa- ko Arartekoak, Barañaingo gazteen kasua bere aurrean jarri badute ere, ez du web orria aldatu. Harro segitzen du aldarrikatzen herritarren eskubideen defendatzailea dela. Bere poltsikoa betetzen segituko du herritarron diruaz, espainiar polizien eta guardia zibilen esku abandonatuta utzi dituen herritar horien diruaz ere. Baita apartheidari esker eskubide politikorik gabe gelditu diren/garen nafarron diruaz ere. Arartekoak ikusi nahi ez duen salbuespen egoeraren biktimen diruaz, jakina.

Izan ere, gure eskubideak urratu bai, baina inork ez dio ezezkoa ematen gure diruari edota gure zergei. Bitxia. Hau bai herritarren defentsa zintzoa!

Egunen batean lau haizetara zabalduko da polizia etxeetan gertatzen dena. Eta orduan non sartuko dira beste aldera begiratu eta torturatuen garrasien aurrean belarriak estali dituztenak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo