Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Berriro eguneroko kondenara
Horrela, gurpil horretan sartuta pasatzen ditugu urteak, gure bizia produkzio etengabe bihurturik; etxetik lanera eta lanetik etxera. Geure buruari galdetu ere ez diogu egiten zer egin nahiko genukeen
Honezkero jende gehi-enari amaitu zaizkio oporrak. Astelehenean lanera bueltatu beharko da, nor bere zereginetara. Hondartzak betetzen dituzten koloreetako toallak armairuan gordeko dira datorren urtera arte, bidaia gidak apaletan hartuko dute tokia berriro ere, lankideek elkarri erakutsiko dizkiote paraje urrun edo hurretako erretratuak, baina jolas eta solas sasoi hau zein laburra izan den kexu ibiliko gara denok.
Ogibidea, bizibidea, beharra... hainbat izen ditugu euskaraz lana esateko eta guztietan lana ezinbestez bete beharreko zerbait dela atzematen da. Ondo zehazten du, beraz, izenak izana. Edozelan, gaztelerazko «trabajo» berbak, nire gusturako, zentzu metaforiko zehatzagoa ematen dio ideiari, hitz honen etimologia berez Erdi Aroko tripailum izeneko tortura metodotik ei datorrelako. Eta horrelaxe ikusten dugu geure burua hiru makilek osatutako oinaze-estira modu horri lotua bizi osoan. Bien bitartean, benetako bizimodua topatzen dute gure esfortzuari probetxua ateratzea bizibide bakartzat dutenek.
Kondenaturik gaude, beraz, beste batzuentzako nekera; ia jaiotzetik hasten da kondena hori eta gero eta gehiago luzatu nahi dute. Umeak eskolara bidaltzen ditugu helburu bakar horretarako prestatzen has daitezen, ikasketen helburua ez baita ezagupenen bitartez pertsona moduan aberastea, lan baterako baliagarriak diren ezagupenak batzea baizik. «Erabilgarriak» ez diren ikasgaiak apurka-apurka ari dira desagertzen ikasketa plangintzetatik, eta estudio guztiak profesio zehatzetara bideratzen dira. Hori bai, ikasketa helburu eta oinarrien aldaketa horrek, azterketa berezia mereziko luke beste momentu batean.
Ikasketa horiek behin gaindituta eta «irtenbide laboral» on bat lortuta, lan merkatura sartzen gara. Enkante trukatu batean jokatzen dugu, ordea, eskaera eta eskaintza paperak nahasturik daude eta. Gure kontura dirua egiteko gure gaitasunen beharra daukaten horiek dira eskaintza egiten dutenak, eta eskaintza gero eta urriagoa eta eskasagoa izan arren, uko egingo ez zaiela sinisturik daude edo, hobeto esanda, sinisturik gaude, zoritxarrez.
Horrela, gurpil horretan sartuta pasatzen ditugu urteak, gure bizia produkzio etengabe bihurturik; etxetik lanera eta lanetik etxera. Geure buruari galdetu ere ez diogu egiten zer egin nahiko genukeen, zertan eman nahiko genukeen geure denbora, aukerak edukitzeko aukerarik ere ez ei daukagulako. Iratzargailuaren zaratak egunero laguntzen gaitu, harik eta lanean jarraitzeko apenas indarrik ez dugun eta beste batzuek erabakitzen duten jadanik makina zaharrak garela eta ez gaituztela gehiago behar.
Asteburuak itxaron, zubiak itxaron, Gabonetako jai egunak eta oporrak itxaron, erretiroa itxaron... Betiereko itxarote bat al da bizia? Bada abagunea ganorazko zerbait ekartzeko, munduari eta norberari eta, horrela bada, desaprobetxatu beharko ez genukeena, guk desaprobetxatzen dugun oro beste batzuek euren onerako aprobetxatzen zalantzarik izango ez dute eta.
Askoz erdeinagarriagoa da norberaren burua saltzea, merkatu ilun horretan lan indarra salgai izatea baino.