Uholdeen aurkako sisteman akatsak dituztela, Gustav New Orleansera hel liteke
Gustav ekaitz tropikala urakan bihurtu zen atzo, Haiti eta Dominikar Errepublikan 33 hildako eragin eta gero. Iragarri dutenez, asteartean New Orleans-era (AEB) iritsiko da, eta hango militarrek ohartarazi dute hiriko uholdeen aurkako sistemak akatsak dituela.
GARA |
Haiti eta Dominikar Errepublikan hildakoak eta kalte material ugari eragin ondoren, Gustav ekaitz tropikala Mexikoko Golkora hurbiltzen ari da, orduko 110 kilometroko abiaduran.
Atzo bertan urakan bihurtu zela ohartarazi zuen Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Urakanen Zentro Nazionalak. Jamaikako turista ugarik irlatik ihes egin zuten atzo eta Kubako Gobernuak, bestetik, «erne» daudela adierazi du.
Asteartean Gustav AEBetako kostara helduko dela iragarri dute, eta beste hainbat hiriren artean, Louisiana estatuko New Orleans hirian joko luke. Bertako militarrek, uholdeak kontrolatzeko dituzten sistemak «akatsak» dituela adierazi dute, hobekuntzarik ere egin dutela jakinarazi arren.
Hiru urte igaro dira Katrina urakanak New Orleans hiria suntsitu eta ehunka hildako eragin zituenetik. Bill Irwin AEBetako ingeniari militarrak uholdeetarako sistemak «gabeziak» dituela onartu du, baina bere ustez, «inoiz baino hobeto funtzionatzen du».
Oraingoan Gobernua hobeto prestatuta dagoela esan du Harvey Johnson AEBetako Larrialdi Zerbitzuetako kideak. «Azken bi urteetan gogor egin dugu lan hurrengo urakanari aurre egiteko, eta Gustav izango da lehenengoa», adierazi du.
Bush presidentearen Gobernuak 2005. urteko Katrinari emandako erantzunak kritika ugari jaso zituen AEBetan. Izan ere, 1.833 herritar hil ziren -baliabide gutxikoak gehienak-, uholdeen ondorioz, eta aldez aurretik neurriak ez hartzea leporatu zioten Gobernuari.
Gustav ekaitza urakan bilakatu ostean, meteorologoen esanetan, orduko 119 kilometroko abiadura gaindituko du. Horrez gain, Karibeko itsasoko ur epelek indar handiagoa eman diezaiokete.
2005. urtean Katrina urakanak New Orleans ur azpian utziz, 1.500 hildako baino gehiago eragin zituen. Kritika latzak jaso zituen AEBetako Gobernuaren aurreikuspen ezak.