Emakumeen aurkako indarkeriak ez du atsedenik hartzen, ezta merezi duen arretarik ere
Emakumeen aurkako indarkeriak ez du bere larritasunagatik merezi duen tokia betetzen ez hedabideetan ez, oro har, jendartean. Astero, egunero, izaten dira emakumeen aurkako tratu txarrak, bortxaketak eta batzuetan hilketak. Atzo Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) erasotako emakumea, zorionez, ez da hil, baina oso larri dago. Herriko bizilagunek esan zutenez, senarrarengandik banatzeko asmoa zuen. Hori emaztea hiltzen saiatzeko motiboa dela pentsatzen duen inor izatea ikaragarria da. Ikaragarria, nolanahi ere, emakumeekiko jabetza sentimendu hori. Oso sentimendu zaharra, baina egunero ikusten dugunaren arabera, desagertzear ez dagoena. Bilbon bikotekidearen erasoa jaso zuen emakumeak salaketa jarri zuen, baina hamar urtean tratu txarrak jasan ditu. Nola liteke? Emakumeek, bereziki, ez dutelako askatasuna bermatuta, ezta gizonarengandik aldentzeko ere, azken bi kasuok erakusten duten bezala. Gizarte osoaren erantzukizuna da askatasun hori bermatzea, baina, batez ere, agintariena, emakume bat bikotekidea salatzen ausartu arte hamar urte itxaron behar izateak esan nahi baitu ez duela izan beharko lukeen laguntzarik, bermerik.