Ehun urte atzera bueltatuz, Otsagabiko herriak festa handia ospatuko du gaur
GARA |
Beste urte batez, Otsagabiko herriak «Orhipean: azturak eta bizibideak» deitutako festa ospatuko du asteburu honetan. Ehun urte atzera egin, eta garai hartan nola bizi ziren ikusteko aukera izango du bertaratzen denak.
Historia pixka bat eginez, festa hau duela zortzi urte sortu zen herria turistikoki bultzatzeko asmoz. «Hau dena aurrera eramateko ezinbestekoa izan da inguru honek duen kultur ondarea eguneratzea», azaldu dute antolatzaileek. Horri lotuta, argi utzi nahi izan dutenez, «herriko biztanle guztiak dira antolatzaile eta parte-hartzaileak», izan ere, mende hasierako janzkera eta orrazkera soinean izango dituzte. Ikusgai izango denari buruz mintzatzean, honakoa zehaztu dute: «Pirinioetan ia-ia galduta dauden bizibideak ikusiz gozatuko dugu: errekan ikuzleak, edozein txokotan iruleak, gari-jotzea...», eta horrela dozena bat baino gehiago ekitaldi festak iraungo duen bi egunetan.
Aurtengo berrikuntzak
Gainera, 2008ko edizio honetan berrikuntzarik egongo da, batez ere, festa aurrera ateratzeko laguntza eskaintzen duten pertsonak direla-eta. Hain zuzen ere, antolakuntza errazteko eta hobe- tzeko, «Orhipean: azturak eta bizibideak» izeneko elkartea sortu da aurten. Gainera, beti bezala laguntza eskaini nahi izan duten kolaboratzaileak ere izan dira, hala nola Otsagabiko Udala edota Euskal Herria Irratia.
Egitarauari dagokionez, egun nagusia gaurkoa bada ere, festa atzo gauean hasi zen Nafarroako herri honetan. Izan ere, pregoia eman zuten, eta ikus-entzunezko emanaldia eta erronda ere izan ziren, jaian parte hartu zuten guzti-guztien gozamenerako.
Gaur, aldiz, jaia goizean goiz hasiko da, eta ezkilen soinuak iragarriko die o9.30- etarako esnatu ez direnei festa-eguna hasia dela. Gero, Bardeara bidean diren artzainak igarotzen ikusteko abagune ederra izaten da, zeren eta batzuek artaldeekin aurrera egiten duten bitartean, beste batzuk otapurrez egindako hamaiketakoa hartzeko geratuko dira herritar zein kanpotik etorritakoekin. Nahi duen orori bertaratzeko gonbita egin diote antolatzaileek. Bestalde, 12.00etan eta 18.00etan larrainean ogi-jotzea nola egiten duten ikusteko parada egongo da.
Arratsaldean, herrian barna ikuzleak errekan, txerri-hiltzea, gaztagileak eta okinak ibiliko dira. Etxeko eta bordako bizimoduak ere erakutsiko dituzte. Eguna behar bezala bukatzeko, gainera, herriko kaleetatik erronda egingo dute, eta dena jaso ondoren Blankoan dantza egitera joateko deia egiten dute gauerako, orkestra arduratuko baita festa egun nagusiari amaiera emateaz.