Errugbia Top 14
Avironek eta Biarritzek goian jarraitzeko aukera dute
Zuri-urdinek Montauban hartuko dute eta zuri-gorriek Castres
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek eta Biarritzek lehen jardunaldian erakutsitako itxura ona kasualitatea ez zela izan berretsi behar dute gaur arratsaldean jokatuko dituzten bi norgehiagoketan. Biak, gainera, etxean arituko dira; beraz, aukera ederra dute jarraian bigarren garaipena erdiesteko.
Jokatuko duen lehena Aviron izango da, Montauban izango baitu aurkari Jean Dauguer zelaian 14.30etatik aitzina. Iragartzen duten besteko beroa egiten baldin badu, ez da giro izango Baionako estadioan.
Zuri-urdinek lehen jardunaldian garaipen garrantzitsua lortu zuten Castresen zelaian, eta gaurkoan zaleen aurrean ezin dute hutsik egin. Montaubanek talde arriskutsua dela erakutsi zuen lehen jardunaldian, baina hiriburukoek beren jokoa egiten baldin badute, lau puntuak, gutxienez, etxean geratu beharko lirateke.
Hasierako taldeari dagokionez, lapurtarren entrenatzaileak ez du erabiliko duen hamabostekoa ezagutarazi. Hala ere, pentsatzekoa da oso aldaketa gutxi egingo dituela lehen jardunaldiko taldearekin alderatuta. Deialdian, jokalari guztiak sartu ditu.
Biarritzek ere irabaziz ekin dio denboraldiari. Garrantzitsua da hori zuri-gorrientzat, inork ez baitu nahi iazkoa errepikatzerik; Ligako azken fasetik at geratu ziren, eta Europan ezin izan zuten lehen fasea gainditu. Lehen partidan, bi jokalari nabarmendu ziren beste guztien gainetik: Ngwenya eta Courrent. Estatubatuarrak min handia egiten du. Sekulako abiadura du, eta aurkarientzat oso zaila da bera geratzea. Iaz ere, goi mailako liga batean jokatzen zuen lehen urtea izan arren, taldeko onenetakoa izan zen Ngwenya. Hori dela eta, aurten asko espero da berarengandik. Hasteko, lehen partidan, berak egin zituen etxekoen bi entseguak.
Courrent, bere aldetik, bikain aritu zen jaurtiketetan: ez zuen huts bakar bat ere egin. Talde batean jaurtitzaile on bat izatea oso garrantzitsua da. Azkeneko bi urteak ez dira onenak izan Yachvilirentzat, eta badirudi aurten Courrentek hartuko duela jaurtiketak egiteko ardura.
Zuri-gorriek gaur 16.45etatik aurrera Castresen aurka Agilerako estadioan zelairatuko duten hamabostekoa honako hau izango da: Barcella, Rafault, Lecouls, Thion, Couzinet, Lund, Harinordoki, Cronje, Yachvili, Courrent, Bolakoro, Cabanes, Trainer, Ngwenya eta Thierry. Aulkian, berriz, Denoyelle, Baurrent, Hall, Roidont, Peyrelongue, Traille, Gobelet eta Coetzee geratuko dira.