GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

Azken txanpa

Denboraldi osoko lanaren emaitzak iristen hasiko dira

Igoera-jaitsiera probak eta ligako garaipena pil-pilean jarriko dira denboraldiko azken hil honetan

p042_f02_111x111.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Kantauri itsasoko arraunaren denboraldia zatirik erabakigarrienean sartzen ari da, amaierara iristen ari diren heinean. Asteburu honetan ere bi estropada izango dira. Gaurkoa, Orioko uretan egingo dute (16.30 ETB1), eta biharkoan Kontxako ikurrina preziatuaren aurretik egingo den azken probari iritsiko zaio txanda Castro Urdialesen (Kantabria). Iragan astean indartsu dabiltzala erakutsi zuten batez ere Castro, Urdaibai eta Oriok, eta denboraldi amaieran urte osoko lanaren fruituak jaso nahi izango dituzte. Izan ere, Donostiako estropada famatuaren ondoren Bermeokoa eta Portugaletekoa besterik ez dira faltako TKE liga amaitzeko.

Hala ere, igoera eta jaitsiera faseak izango dira asteburu honetan protagonistak. Alde batetik, Kantauri itsasoko arrauneko ligarik onenera igotzeko kanporaketan lekua izateko lehiatuko dira Isuntza, Kaiku eta Meira eta asteburu honetan TKEko laugarren txanda bat osatuko dute. Bestetik, KAE-1ean lehiatzeko aukerak izateko beste bi estropada egitekoak dira. Lehena Erandioko ibaiko uretan izango da gaur, eta bigarrena bihar, San Vicente de la Barqueran.

Igoera-jaitsiera fase korapilatsuak

Nahaspila sortu ohi dute gaur hasiko diren kanporaketetako txandek. KAE-1ean lekua lortzeko Bizkaian egingo duten proba da horietariko bat. KAE-2an, Astilleroren trainerua nagusitu zen erraztasun osoz, eta lehenengo taldera zuzenean sartzea lortu zuen. Hala ere, beste ontzi batentzat ere lekua geratzen da talde horretan, eta mailari eutsi nahi dioten Portugalete eta Zierbena, alde batetik, eta igoeraren bila joango diren Orio B eta Trintxerpe, bestetik, postu bakar horrengatik lehiatuko dira bai gaurko Erandioko proban, eta bai biharkoan ere. Hala ere, lehen talde honetan badira TKEra igo nahi duten beste bi traineru: Isuntza eta Kaiku.

Bi ontzi bizkaitar hauek, Galiziako Meirarekin batera, Orio eta Castro Urdialesen arituko dira laugarren txanda batean, eta hiru hauetatik bi erregularrenak izango dute igoera-jaitsiera kanporaketan lehiatzeko aukera. Zati erabakigarri hori, Kontxaren ondoren geratzen diren bi estropadetan jokatuko dute bi ontzi hauek eta San Miguel ligako azken bi taldeek: Laredo eta Arkote (Tiranek ateratzen dion 17 puntuko errenta garaiz gainditzen ez badu).

Goialdean ere estututa

Igoera-jaitsiera kontuak gori-gori dauden arren, ez da ahaztu behar, TKEko lau estropada besterik falta ez direnean, Urdaibai liderrak 2 puntuko aldea bakarrik ateratzen diola Castrori. Beraz, liga irabazteko borroka ederra izango da bien artekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo