Burdin Aroko harresiko sarrera aurkitu dute Munoaundin
Munoandikoa harresi gotor batek babestutako herria zen, Burdin Aroko guztiak bezala. Hain justu, arkeologoak bertan egiten ari diren lanek gehienbat harresi hori ikertzea dute helburu. Bukatu berri duten indusketa kanpainan, sarbidea aurkitu dute, dorreak eta guzti.
Martin ANSO | AZPEITIA
Urola bailaran dago Munoandi, Azpeitiko eta Azkoitiko udalerrien arteko lursailetan. Bertan herri bat eraiki zuten orain dela 2.500 urte, gutxi gorabehera. Burdin Aroko herri guztiak bezala, gain batean kokatu -inguru zabalak begi kolpe batez ederki kontrolatu ahal izateko-, eta harresi batez babestu zuten.
Duela 2.000 urte baino gehiago herria abandonatu zuten -orain arte, behintzat, arkeologoek ez dute erromanizazio zantzurik aurkitu-, eta geroztik horren hondarrak sasi tartean zeharo galduta egon dira, harik eta, 1995ean, Aranzadi elkarteko kideek, Burdin Aroari buruzko ikerketa zabal baten barruan, berriz ere aurkitu zituzten arte.
Azken urteotan, Sonia San Joseren zuzendaritzapean, hainbat zundaketa eta indusketa lan egin dituzte Munoaundin eta, horri esker, garai hartako bizimoduaren berri ematen duten material asko berreskuratu dituzte, hala nola zeramika puskak (eskuz zein tornuz egindakoak) edota burdinazko tresnak. Bereziki aipagarria da brontzezko pisu baten aurkikuntza, pieza txiki horrek merkataritzaren berri ematen duelako. Hots, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi zen jende hark merkataritzan ere baziharduen, eta, Gipuzkoako bertako Burdin Aroko beste aztarnategietan aurkitu dituzten hainbat pieza ikusita (horietako batzuk oso urrutitik ekarriak), merkataritza jarduera hori ez zen inolaz ere inguruko bailaretara mugatzen.
Joan den asteburuan bukatu zuten Munoaundin aurtengo indusketa kanpaina, hirugarrena, 2006an herriari buruzko ikerketa proiektu orokorra zertu zutenez geroztik. Hamabost bat ikasle eta historian lizentziadun aritu dira abuztu osoan zehar.
Sonia San Josek esan duenez, gehienbat, harresian zentratu dituzte lanak, orain arte Gipuzkoan induskatutako Burdin Aroko herrietan -zehatz-mehatz, Intxurren, Buruntzan eta Basagainen- hori baita gutxien aztertu duten aldea.
«Lurrazalean bi tontortxo ikusten ziren, eta hor hasi ginen induskatzen, herriko sarrera izan zitekeelakoan, eta, bai, aurten hala dela frogatzeko aukera izan dugu», adierazi du arkeologoak. Batez beste, 2 metro zabal da sarrerak, eta, aldamenean, 12 metro luzeko harrizko egiturak ditu. «Egitura horiek seguru asko sarrera babesteko dorreak dira», ohartarazi du San Josek. Orain arte aurkitu dituzten hormek 2 metro inguruko zabalera dute, eta altura oraindik zehazteke dagoen arren, «oso eraikuntza handia zen, ezbairik gabe», gehitu du.
Harri tartean, material arkeologiko ugari aurkitu dute. Horien artean, errota birakari bat. «Bizkaian bai, baina orain arte Gipuzkoan horrelakorik aurkitu gabeak ginen; barku itxurako errotak, bai, baina birakaririk ez. Munoaundiko hau da lehena», nabarmendu du San Josek.
Aurtengo indusketa bukatuta, laborategi lana dator, eta, laborategi lanarekin batera, kontserbazio eta dibulgazio lana. Izan ere, Aranzadi elkarteak Iraurgi Lantzen-ekin, Foru Aldundiarekin eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalekin hitzartu duen Munoaundi inguruko proiektu arkeologikoak alde horiek ere kontuan hartzen ditu.
Musealizazioa eta dibulgazioa
«Musealizazioa da helburu nagusia -aurreratu du Aranzadiko arkeologoak-. Harresiaren zati bat, aurki daitezkeen etxebizitza-hondarrak edota bestelako egiturak zaharberritu eta aztarnategia bisitagarri bihurtzeko itxaropena dugu».
Bien bitartean, dibulgazioari ekingo diote. Horri dagokionez, aurten bertan foileto bat argitaratu dute Aranzadik eta Azkoitiko Munibe Taldeak, eta hastekotan den ikasturtean, berriz, Munoaundiri buruzko unitate didaktikoa prestatuko dute, ikastetxeetan balia dezaten.
Burdin Aroari buruzko ikerketa zabala egiten ari da Aranzadi. Ikerketa hasi aurretik, garai hartako herri harresitu bakar bat ere ez zen Gipuzkoan ezagutzen; gaur egun, aldiz, hamar dira lokalizatuta daudenak. Horietako bat da Munoaundi. Burdin Aroa ikertzeko balio handiko pieza da.