Doinu askotarikoen erritmora dantzatzeko aukera ederra Elorrion
Atzo hasi ziren Elorrion Ferixa Nausikoak eta jaietan zehar, musika maite dutenek, parada izango dute era askotako doinuekin zirti-zarta dantza egiteko. Deabruak Teilatuetan eta Sorkun & Vicepresidentes taldeek bart eman zioten hasiera emanaldi zerrenda luzeari, izan ere, ia egunero izango baita zer ikusi eta, batez ere, zer entzun, Elorrioko jaietan.
GARA |
Rock kontzertuak, DJak, erromeriak, berbenak... Aurten ere Ferixa Nausikoen harira, Elorrio agertoki erraldoi bihurtuko da egunotan eta, bertatik, estilo oso desberdinak lantzen dituzten musikarien emanaldiak izango dira ikusgai.
Egitarau mardula prestatu dute, eta aukera guztiak barne hartzen dituena. Horrela, musika maite duen edonork bere lekutxoa izango du Elorrioko jai hauetan.
Jada abiatu da musika emanaldien festa, eta, atzo, Deabruak Teilatuetan eta Sorkun & Vicepresidentes izan ziren. Tolosako laukotea «Devil is alive and well» bira egiten ari da, eta Elorrion aurkeztu zituen azken laneko kantuak, «1973» izeneko diskoarenak, alegia. Sorkun & Vicepresidentes-en kasuan, izen bera duen azken diskoan bildutako kantak eskaini zituzten.
Atzokoaren ostean, gaur ere ez da egun makala izango. Surfin Kaos eta Disorders taldeek gazteen artean giroa berotuko dute 23.00etan. Nagusiagoentzako plana? Berbena izango da Urarkan, Rua Mayor eta Pareja de baile taldeen eskutik.
Eta oraindik... gehiago
Aipatutako berbenarekin nahikoa ez badute, bihar, igandea, Shango orkestra izango dute ikusgai plazan. Arratsaldean, berriz, une batez afrikarrez jantziko da plaza, Won Bere taldearen erritmora. Talde honek Afrikako dantza, musika eta perkusioa uztartzen ditu bere emanaldietan.
Etzi, koadrilen eguna ospatuko dute Elorrion eta denek izango dute oinak atzera eta aurrera dantzatzeko aukera. Arratsaldean umeentzako erromeria izango da. Koadrilek kalejira egingo dute 18.15ean. Iluntze eta gauean, Tximeleta arituko da txosnagunean, Aldatzekuan Rex taldeak heldu eta nagusientzako emanaldia egingo du eta, plazan, gazteek Abiba taldearen disko-jaiarekin gozatuko dute.
Asteburuarekin asetzeko lain izan ez duenarentzat, goian aipatutako astelehenaz aparte, asteartean Erdizka Lauetan euskal erromeria taldeak Elorrio guztia jarriko du dantzan, bere emanaldietan egin ohi duen erara.
Datorren ostegunean, «Elorrixo berri bat piztera goaz» lelopean Gazte Eguna ospatuko dute. Gauean, 22.30etik aurrera, herriko taldeak arituko dira «El chavalillo del rock» jaialdian.
Asteburu honetarako planak onak izan badira ere, hurrengorako musika eskaintza ere aintzat hartzeko da. Besteak beste, Doctor Deseo, Kokein, eta Sermonds taldeak izango dira ikusgai.